Andraguneak urte bi beteko dituela gogoratuko dute martxoaren 8an

Anboto 2011ko mar. 3a, 09:35

Prentsaurrekoan azaldu dituzte Goiztidi Diaz berdintasun zinegotziak eta Kety Arrabal teknikariak deialdien nondik norakoak. Durangoko Andragunea zabaldu zutenetik bi urte beteko dira martxoaren 7an, aurreko egunean.

Emakumeen Nazioarteko Eguna 1911an ospatu zen lehenengoz; 100 urte bete ditu berdintasunaren aldeko borroka gogoratzen duen egun honek, beraz. Ez da aurten ospatuko den urteurren bakarra, hala ere. Durangoko Andragunea zabaldu zutenetik bi urte beteko dira martxoaren 7an, aurreko egunean. Bertako dinamizatzaile den Nagore Uribe-Etxeberriaren berbetan, bi urteotako balorazioa positiboa da. \"Parte-hartzaileen kopurua handiagoa da; 250 emakumek aurretik eman dute izena jada\". Parte-hartzaileen kopuruak gora egiteaz gainera, \"heterogeneoagoa\" ere bilakatu dela adierazi du Uribe-Etxeberriak; adin tartea zabaldu egin da, eta hainbat bizi-mailako jendea hurbiltzen da; \"gehienbat 25-40 urte bitarteko emakumeak datoz\". Andraguneko dinamizatzailearen berbetan, hainbat arrazoi daude emakume horiek bertara hurbiltzeko; \"ezagupen maila handitzeko\" hurbiltzen ei dira gehienak, Uribe-Etxeberriaren ustez. Urteurren horiek gogoratzeko, egitarau oparoa antolatu dute Plataforma Feministak eta Berdintasun Udal Kontseiluak; aurtengo martxoaren 8a inauterietako astearteagaz batera dator, eta aldarrikapena eta festa uztartzea erabaki dute. Horretarako, mozorro jaia antolatu dute: 19:00etan, Andra Maritik abiatuta, kalejira egingo dute, eta ondoren mobilizazioa; 20:00etan hasita, manifestazio batek herriko kaleak zeharkatuko ditu. Hau amaitzean, Andragunearen urteurrena ospatzeko, jaialdia egingo dute Santa Anan. Egunean zehar egingo diren ekimenetara mozorroturik hurbiltzeko deia egin du Plataforma Feministak; mozorrotzeko aukeratu duten gaia, berriz, \"feminismoaren historia\" da. Deitzaileek historian zehar emakumeak \"baztertu\" dituzten lanbideetako mozorroak janztera gonbidatzen dituzte herritarrak, hau da, suhiltzailez, medikuz, meatzariz... mozorrotzeko. Deitzaileek berdintasunaren bidean oraindik ibiltzeko bide luzea geratzen dela ere gogoratzen dute.

Dokumentala ikusgai

Bestalde, Martxoaren 8ari begira antolatutako beste ekitaldi bi ere azpimarratu dituzte antolatzaileek. Hilaren 18an, 20:15ean, Helena Taberna zuzendariak Nagore Laffageren kasuan oinarrituta egindako dokumentala eskainiko dute San Agustin kultur gunean. Sarrera doakoa da. Gainera, emanaldia amaitzen denean mahai inguru bat egingo dute eta nahi duenak bere iritzia eman ahalko du. Azkenik, martxoaren 8an Tengamos el sexo en paz antzezlana eskainiko dute San Agustin kultur gunean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!