Aralar alderdiko Iker Urkiza zinegotziak hileta zibilen gaineko ordenantza behin-behinean onartzea eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuen martitzeneko udalbatzarrean.
Aralar alderdiko Iker Urkiza zinegotziak hileta zibilen gaineko ordenantza behin-behinean onartzea eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuen martitzeneko udalbatzarrean.
Alderdi guztiak ados agertu ziren ordenantzaren edukiagaz, baina PPk eta EAJk gaia mozio bitartez udalbatzarrera eroan izana salatu zuten, eta aurretik Hirigintza Batzordean adostasuna lortzeko premia adierazi. Horregatik, kontra bozkatu eta mozioa atzera bota zuten.Talde Mistoak, PSE-EEk eta Aralarrek alde bozkatu zuten.
Aralarreko zinegotzi Dani Maezturen esanetan, \"Hirigintza Batzordean gaia lehenengoz aipatu zela zortzi hile joan dira, eta harrezkero horri buruz sarritan galdetu dugun arren, eztabaidak ez du aurrera egin; horregatik ekarri dugu udalbatzarrera\".
EAJko bozeramaile Goiztidi Diazen berbetan, \"gure alderdiak badu interesa hileta zibilen gaian aurrera egiteko, baina ez edozelan; Hirigintza Batzordera bueltatu behar litzateke, han adosteko\".
PPko zinegotzi Cristina Ibarrolak ere antzeko adierazpenak egin zituen. \"Edukiagaz bai, baina formekin ez\" zeudela ados adierazi zuen, eta gainera ordenantza \"osatugabea\" dela adierazi zuen.
Talde Mistoak \"begi onez\" ikusi zuen bai edukia bai gaia udalbatzarrera eroan izana: \"Ezkontza zibilak ospatu izan baditugu, agur zibilak ere bermatu beharko lirateke. Tokia zehaztea falta da, baina hori adosteko alegazioen epea hortxe genuke\".
PSE-EEko zinegotzi Pilar Riosen ustez, ordenantza aurrera ateratzea \"borondate politiko\" kontua da, \"ez baitu baliabide eta ahalegin ekonomiko handirik eskatzen\". \"Bermatu behar den kontua da\", gaineratu zuen.