Legegintzaldi hau udalean bizi izan duen korapilatsuena izan dela azaldu du Pilar Rios PSE-EEko zinegotziak.
Elkarrizketa politikoen erronda honetan, eskualdeko alkateez gainera, alkatetzarik ez duten alderdi politikoak ere gonbidatu ditugu. Pilar Riosek esperientzia handia dauka Durangoko Udalean; azkeneko 12 urtean da PSE-EEko zinegotzia.Zelan joan da azkeneko legegintzaldia?
Udalean daramatzadan hiru legegintzaldietatik, zalantza barik, hau izan da konplikatuena. Lehen urtean alkatea hil zen, bigarren urtean Ezker Batuko zinegotziak dimititu egin zuen eta bere postua ez zuen inork bete... eta horri guztiari zera gehitu behar zaio: gobernu taldeak egoera ekonomikoaren aurrean izan duen kudeaketa txarra; lidergotza eta inplikazio eza. Udalaren jarduna gelditu egin du horrek; ezin da ahaztu 2010ean izan ezik beste urteetan aurrekontuak onartu barik egon direla.
Iaz zuekin egindako akordioagaz onartu ziren aurrekontuak. Urtea pasatuta, zelan baloratzen duzu akordio hura?
Durangorentzat oso ona izan dela uste dut, eta alderdi sozialistarentzat ere bai, giltzarriak diren proiektuak hastea lortu dugulako. Euren artean, Urki-Hegoalde eraztuna amaitzea; Durangoko mugikortasuna asko hobetuko duen proiektua da, eta aurten hasiko litzateke. Akordio haren beste atal garrantzitsu bat enplegu politikak dira. Gure eskualdea krisiak zigortutakoenen artean dago, eta Durangoko Udalak enplegua sustatzea beharrezkoa da.
Alderdiek izan duzuen zinegotzien banaketa dela-eta, akordioak lortzea beharrezkoa izan da legegintzaldian.
Konposizio hori ona da, gobernu taldea derrigortu egin duelako akordioak lortzera, baina ikusi dugu egoerak ez duela bere jarrera aldatu; gehiengo absolutua balute moduan jokatu dute batzuetan.
Krisia da udalen arazo nagusietako bat orain. Zer egoeratan dago Durangokoa?
Dauzkagun baldintzekin kudeaketa hobea egin daitekeela uste dugu, herritarrengan krisiaren eragina txikitzeko. Gizarte eta enplegu politiken momentua dela uste dugu, baina gobernu taldea badirudi arduratuago dagoela irudi kanpainekin. Bestalde, merkataritza indartzea beharrezkoa da, eta neurri zehatzak pentsatzeko espazio bat –PERCO izan daitekeena– eta baliabide ekonomikoak behar ditugu.
Proiektu batzuk atzeratu eta garestitu egin direla salatu izan duzue.
Datua daukagu; obrak garestitzeagatik durangar bakoitzak 430 euro eman behar izan ditu. Hizkuntza eskola, liburutegia, igerilekuak, Veracruzeko ermita... legegintzaldi honetan zabaldutako zerbitzu guztien obrak garestitu dira. Igerilekuen kasuan, 19 hiletan ia 9 milioiko aurrekontuaz egin behar zena lau urtean eta 15 milioigaz egin zen. Zerbitzu horiek guztiak beharrezkoak iruditzen zaizkigu, baina ez edozein preziotan. Igerilekuek praktikoak izan behar dute, garbiketa eta mantentze-lana erraza eta merkea izan behar da... eta ez da horrela.
Etxebizitza arloari begira, zer nolako pausoak eman beharko lituzke udalak?
Iazko aurrekontuen akordioan esan genuen babeseko etxebizitza gainditu bako ikasgaia zela; azkeneko hamar urteotan 70 etxebizitza inguru bakarrik zozketatu dira. Hori Durangon gutxi da. Akordioari eskerrak, Faustegoienan eta Arripausuetan 250 etxebizitza eraikitzen hasiko dira aurten. Hortik 50 alokairukoak izango dira, lehenengoz. Egiteko asko dago, baina; gazteentzako apartamentuak, nagusientzako pisu tutelatuak... beharko genituzke Durangon. Eskari asko ditugu; momentu honetan 3.222 pertsona daude zerrendetan.
Epe laburrera, zer beste premiak dauka lehentasuna PSE-EErentzat?
Trena lurperatzea oso garrantzitsua da guretzat. Durangoko mugikortasuna guztiz aldatuko du, hoberako. Orain gobernu taldeak Eusko Jaurlaritzagaz hitzarmena sinatzeko beharrean gabiltza. Hitzarmena lanak hasi aurretik sinatu behar zuten. Garrantzitsua da sinatzea libre geratzen diren lurrak egokitzeko. Beste premia batzuen artean daudenak aparkalekuak eta lan enplegu politikak dira.
Ezker abertzaleak asteon eman duen pausoari buruz, zer iritzi daukazu?
Hauteskudeei begira, nik ezin dut gauza handirik esan, zinegotzi xume bat naizelako, baina oso berri ona izan da niretzat. 180 graduko bira eman dute, eta herritarrek gura dutena dela uste dut.