Zapatuan Donostiara joateko deia egin dute hainbat eragilek

Anboto 2011ko ots. 8a, 11:53

Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala deitu du zapaturako, \"Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe\" lemapean. Durangoko hainbat eragile ere atxikitu dira deialdira.

Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala deitu du zapaturako, \"Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe\" lemapean. Durangoko hainbat eragile ere atxikitu dira deialdira. Joan zen zapatuan, hilaren 5ean, egin zuten irudiotako agerraldia manifestaziora batu diren talde eta elkarteek. Arratsaldeko 17:00etan izango da manifestazioa Donostian, eta Durangoko Madalenatik 15:30ean irtengo da autobusa. Izena emateko aukera Intxaurre elkartean dagoela azaldu dute antolatzaileek. Deialdira atxikitu diren elkarteen artean hauek daude, besteak beste: Durangoko EHE, Berbaro euskara elkartea, Durangaldeko AEK, Gazte independentistak. Durangaldeko Ikasle abertzaleak, Jarki ikasle mugimendua, Zapaburu gazte konpartsa, Kimuak aisialdi elkartea, LAB sindikatua eta Durangoko Askatasuna.

Irakurketa

Euskal Herrian Euskarazek dokumentua plazaratu du manifestaziorako irakurketa eta aldarrikapenekin. Bertan, euskararen kontrako \"asimilazio prozesuak\" norbanakoengan eragina izan duela \"onartu\" behar dela dio. \"Jokabide aldaketa hau bultzatzeko, euskaraz bizitzeko hautua egiteko, norbanakoaren determinazioa ezinbestekoa da\", iritzi dio EHEk, baina dimentsio kolektiboa \"ahaztu barik\": \"euskal komunitateak egin behar du euskaldun burujabe bizitzearen alde\". Norbanako eta euskal komunitatearen ekarpenaz gainera, estatuei begirako eskaerak ere egin ditu EHEk. \"Sasi guztien gainetik ibili ahal izateko, euskaraz bizitzeko hautua egiteaz gain, lehentasunezko estatusa behar du euskarak bere lurralde osoan; legeen zein prestigioaren bitartez eraiki beharreko lehentasunezko estatusa.\" Dagoeneko 1.300 lagun zein elkartek baino gehiagok agertu dute deialdiarekiko atxikimendua, EHEren web orrialdean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!