"Polita da lurralde bakoitzak ardo mota bat izatea; kulturen ispilu dira"

Anboto 2011ko ots. 6a, 10:00

Txakolinagaz esperimentuak egitea gustatzen zaio Gari Rios nekazaritza injineruari. Itsasmendi upategian dabil lanean azken 22 urteotan.

Txakolinagaz esperimentuak egitea gustatzen zaio Gari Rios nekazaritza injineruari. Itsasmendi upategian dabil lanean azken 22 urteotan. Lur mota bakoitzetik txakolin desberdina irtetzen dela azaldu digu. Zelan sartu zinen txakolinaren mundura? Nekazaritza arloko injineritza teknikoa ikasi nuen, eta ikerketa batzuk egin nituen mahastiaren inguruan. Gustua hartzen joan nintzaion, eta 1989an 1.500 metro karratuko mahastia ipini nuen. Proiektuaren inguruan jendea batzen hasi nintzen, eta gaur egun zazpi bazkide gara. 30 hektarea dauzkagu Bizkaia osoan. Non dituzue mahastiak? Nahiko proiektu berezia da; lurrak ez dira gureak, lursail guztiak alokatuta ditugu. Guk eduki gura dugun lur mota bilatzen joan gara, hori da niretzat garrantzitsuena. Denbora asko eman dugu lurrak topatzen, eta orain ere lana da, baina momentu honetan norbaitek esango balit 30 hektarea emango dizkidala lursail bakarrean, ez nuke aldatuko. Dibertsitate ikaragarria dago lur motan, mikrokliman, topografian... Hamabi herritan dauzkagu mahastiak; Gernikan, Muxikan, Bakion, Mendatan, Leioan... eta ikertzeko aukera hor dugu. Garrantzitsuena, orduan, lurra da? Jendeak ez dio horrenbesteko garrantzirik ematen, baina ardo kontuan oso garrantzitsua da lurra. Ez da herri bateko txakolina beste batekoa baino hobea; partzela bakoitza hartu behar da kontutan. Zer begiratzen duzue mahastia ipintzeko? Beti begiratzen dugu hegoaldera begira egotea, eguzkiak ahalik eta gehien emateko; malda edukitzea ura bajatzeko... eta badaude berezitasun gehiago. Adibidez, kostaldeko lurra aproposa da mahatsarentzat, oso sikua eta sakonera gutxikoa delako. Bost urte pasatu ditugu lur motak aztertzen, zentro teknologiko bategaz. Orain lur berriak askoz informazio gehiagogaz aukeratzen ditugu. Txakolin desberdinak egitea lortu dugu. Orain, esaterako, txakolin beltzagaz zerikusia daukan proiektu bategaz gabiltza. Txakolinarentzat zelakoa izan da azkeneko urtea? Nahiko gogorra; ekainean hotza egin zuen, eta 30 egunetik 28tan euria. Produkzioaren zati handi bat galdu zen. Hala ere, azkeneko hileetan nahiko eguraldi ona egin zuen. Txakolina ona dago, usaintsua eta erakargarria da, baina kantitate gutxi. Zer desberdintasun dago Bizkaiko txakolinaren, Getarikoaren eta Arabakoaren artean? Izendapen bakoitzak bere berezitasunak dauzka. Getarikoak Bizkaikoak baino graduazio baxuagoa dauka; karbonikoa izateak bere garrantzia dauka han... Saiatzen gara bakoitza bere nortasuna mantentzen. Jendeak pentsatzen du txakolina karbonikoa izan behar dela, baina ez da beharrezkoa; Bizkaikoak ez dauka. Durangaldean ohitura dago karbonikoagaz egiteko, baina... Zer pasatzen da Burgosekin? Nekazaritzaren bideak kurba askokoak dira, eta batzuk denbora gutxian autopistaz egin gura dute bidea. Guk ia 20 urte daramatzagu beharrean mahastietan, eta izendapenerako arauak eta kontrolak lantzen. Txakolina ezaguna da orain, eta batzuk pentsatzen dute egun batetik bestera lortu dezaketela. Txakolina legez da Euskal Herrian egiten den produktu bat. Lege hori Europan eta Madrilen egin da, eta hori aldatu behar badute, Europan eta Madrilen egin beharko dute. Guk urte askoko beharra egin dugu, eta eurek ere karta berdinekin jokatu beharko dute. Ez badago kontrolik min handia egin dezakete; kontrol barik, txakolina izena erabili dezakete, mahatsa edozein lekutatik ekarrita eta edaria prezio baxuan salduta. Apur bat kezkatuta gaude, baina beharrean jarraitzea besterik ez dugu! Azkeneko urteotan kalitatezko produktuak lortu ditugula uste dut. Txakolin zalea zara? Mundu honetan hasi nintzenean ez nuen ezer edaten. Lehenengo ekoizlea izan naiz, eta gero, produktuaren berezitasunak ikasita, hasi naiz ardoa edaten. Txakolina edaten dut, eta lortu dut etxean ardo zuria edatea, ze lehenago ez zen bat ere edaten! Ez dakit etxekoa delako edaten ote den... Baina apurka-apurka lortu dugu jatorduetarako jendeak ardo zuria aukeratzea. Polita izaten da gure txakolina jatetxe bateko mahaian ikustea. Polita da lurralde bakoitzak bere ardoa izatea ere; kultura bakoitzaren ispilua da. Kanpora noanean gustatzen zait bertako produktuak eskatzea. Bakoitzak berea eginda, ekoizle txikiek kolaborazioak mantendu behar ditugu; gauza desberdinak egiten ditugu, baina filosofia antzerakoa daukagu. Nire etxean Frantziako ardoa, Txilekoa... denetik dago, baina beti upategi txikietako ardoak. Ez zaizkit gustatzen filosofia ekonomikoa duten upategi handiak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!