Baserritarren Merkatuko araudi berria onartu du udalak behin-behinean.
Zapaturo Durangoko merkatu plazan egiten den azokaren inguruko kezka agertu zuten baserritarrek duela urtebete. Euren baldintzak ez zirela onenak ohartarazi zuten. Esaterako, ez zeukaten leku finkorik. Gainera, birsaltzaileen presentziaz ere kexatu ziren. Batzuek, eurek ekoiztu bako produktuak saltzen zituzten. Baserritarrek aldarrikatu zuten merkatuan salduko ziren produktuek ingurukoak eta sasoikoak izan behar dutela.
Urtebeteko beharraren ostean, udalak araudi berria onartu du, eta hemendik aurrera birsaltzaileek ezingo dute ortuaririk saldu plazan. Gozokiak eta loreak lako produktuak soilik baimendu dituzte. Saltzen diren produktuak ingurukoak eta sasoikoak izatea ziurtatu beharko da. Gainera, ordutegiak eta mahai-banaketak ere zehaztu dituzte.
Araudia behin-behinean onartu dute, eta alegazioak abuztuan eta irailean aurkeztu ahal izango dira.