Etxebizitza sozialen premia dagoela adierazi du Iratzarrik

Anboto 2011ko urt. 28a, 10:09

Aralar alderdiko gazte erakundea den Iratzarrik Durangon etxibizitza sozialen premia dagoela adierazi du asteon. Durangok \"baditu gehiago eraikitzeko ahalmena eta baliabideak, baina asmoak debate antzuetan geratzen dira, aurrera egin barik\", azaldu du Mikel Anderez Iratzarriko kideak: \"EAJ eta PSE-EEri gazteen ilusioekin ez jolasteko eskatzen diegu\". EAJren eta PSE-EEren aurrekontuetarako akordioa lotu ondoren, agindutako 250 etxebizitzetatik \"50 alokairu sozialekoak izango zirela esanez poztu ziren; gure ustez, kopuru hori ez da nahikoa\". Era berean, gogoratu dutenez, \"2010eko lehen hiruhilekoan, Etxebiden 3.220 lagunek etxebizitza eskabidea eginda zuten Durangon\".

Kanpaina berria

Durangoko Aralarren egoitzan emandako prentsaurrekoan, Etorkizuneko ezker abertzalea eraikitzen ari gara kanpainaren berri ere eman zuten. Gazte abertzale ezkertiarren mezuak gizarteratzea dute helburu, \"gazteok gizarte gaietan iritzi propioa dugula erakusteko\". Kanpainak hainbat ardatz ditu: bakea, etorkinak eta emakumea, erabakitzeko eskubidea, sexu eta genero askapena, ikasleen borroka eta ekologismoa.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!