Uribarriko Andra Marin 4.158 euro batu dituzte Senegalen bekak ordaintzeko

Anboto 2011ko urt. 4a, 12:15

Parrokia inguruko talde eta pertsonek emandako dirua domekan eman zieten Senegalgo ordezkariei. Oussouye herriko hamairu gazteren ikasturtea ordaintzeko izango da dirua.

Parrokia inguruko talde eta pertsonek emandako dirua domekan eman zieten Senegalgo ordezkariei. Oussouye herriko hamairu gazteren ikasturtea ordaintzeko izango da dirua. Dirua hainbat modutara batu du Andra Mari inguruko kristau komunitateak. Abenduko elizkizunetan batutako dirua egon da batetik, baina ez hori bakarri. Katekesiko umeek euro bana ipini dute, eta abenduaren 18ko Gabon Jaian ere batu zen dirua, bertan saldutako kafe eta pastetatik. \"Oussouye 3700\" izan da kanpainaren izena, hasierako asmoa beka horiek ordaintzeko 3.700 euro batzea zelako. Azkenean gehiago batu da: 4.158 euro. Duela hiru urte sortu zen Andra Mariko parrokiaren eta Oussouyeko herriaren arteko hartuemana. Durangon bizi diren hainbat senegaldar Oussouyekoak dira. Eurekin eta Teodoro Lambal abadeagaz hartuemona dauka Andra Mariko kristau komunitateak. Azken hiru urtetan, hartueman horretatik abiatuta, bigarren hezkuntzako ikasketetarako bekak lortzeko beharra egin dute. Jose Agustin Maizek, Andra Mariko parrokoak, aurtengo kanpainaren helburuak lortu egin direla nabarmendu du: \"ez bakarrik jaso dugun diruagatik; komunitatea inplikatuta sentitu da, eta gu baino beharrizan gehiago duten horiek gure neba-arrebak direla sentitu dugu\".

Datorren asterako hainbat ekintza

Andra Mariko elizan lehen bataio agiriaren 500. urteurrena dela eta, datozen egunetan hainbat ekintza antolatu dituzte. Bariku honetan, hilak 7, berbaldia egongo da Andra Mariko erretaularen gainean. 20:00etan hasiko da hitzaldia. Zapatuan, berriz, bisita gidatuak egingo dituzte goizean. 10:15ean eta 12:15ean euskaraz eta 10:45ean eta 12:45ean gazteleraz. Bisitetan izena emateko Durangoko Turismo Bulegora jo behar da (kontaktatzeko: 94 603 39 38 edo turismo@durango-udala.net). Domekan hiru abesbatzek kontzertua eskainiko dute 19:00etatik aurrera. Durangoko Orfeoiak, Doinuzaharrek eta Iurretako abesbatzak parte hartuko dute. Amaitzeko, datorren eguenean, hilak 13, familientzako bisita gidatuak egingo dituzte, 15:00etan hasita.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!