Artzainek Durangoko herrigunea zeharkatuz egiten zuten trantsumantzia gogora ekarriko du +Dendak elkarteak gaur.
Artzainek Durangoko herrigunea zeharkatuz egiten zuten urruneko larre-aldaketa gogora ekarriko du +Dendak elkarteak. Artzainen omenez antolatutako ekitaldian Idiazabal gaztadun eta arkumedun pintxoak banatuko dituzte.
Guillermo Oarbeaskoa +Dendak elkarteko presidenteak azaldu duenez, \"ekimen honekin artzainen lanaren garrantzia eta beraien produktuen kalitatea ezagutzera eman gura dugu\". Gaineratu duenez, \"herritar askok artalde batekin gurutzatzeko izango duten aukerak nagusienei artzainak larre berrien bila herrigunetik igarotzen ziren lehenagoko sasoiak gogora ekarriko dizkiete\". Artzain bik gidatuta, artaldea 11:00etan Landako Erakustazokatik irtengo da 30 ardirekin. Artaldeak aintzinako bideak zeharkatuko ditu Andra Marira heltzeko. Ardiek 40 minutu inguruko geldialdia egingo dute bertan. Landakora itzuliko dira 13:30ean. Andra Marian goiz guztian hamar arkume erreko dituzte 13:30ean dastatzeko. Arkume eta Idiazabal gaztadun pintxoak doan banatuko dizkiete +Dendakeko 200 dendetan emandako erosketa txartela erakutsita. Txartel barik, salneurria 3 eurokoa izango da. Oarbeaskoa +Dendakeko presidenteak jakitera eman duenez, \"dastaketa honek inguruko artzainen produktuen kalitatea erakutsiko du. Gabon sasoian menua gehien zaintzen den sasoian, kalitatea inguruko produktu eta komertzioetan dagoela presente izan behar dugu\".