Inbertsioak ordaintzeko kreditu eskaera onartu dute

Anboto 2010ko abe. 22a, 10:07

Aurrekontuetan aurreikusitako 4,8 milioi euroak beharrean 3,5 eskatuko dituzte. Jaitsiera hori diruaren kudeaketa \"onarengatik\" izan dela dio EAJk. PSE-EE gobernu taldearen \"inoperantzia\" salatu du.

Aurrekontuetan aurreikusitako 4,8 milioi euroak beharrean 3,5 eskatuko dituzte. Jaitsiera hori diruaren kudeaketa \"onarengatik\" izan dela dio EAJk. PSE-EE gobernu taldearen \"inoperantzia\" salatu du. Aurrekontuetan onartutako inbertsioak ordaintzeko 3,5 milioiko kreditua onartzea onartu zuten atzoko (abenduak 21) udaltzarrean. EAJ, PSE-EE eta Aralarrek alde bozkatu zuten; PP abstenitu egin zen eta Talde Mistoak kontra bozkatu zuen. Kreditu txikiagoa eskatzeko aukera diruzaintza arloko \"kudeaketa onarengatik\" dela defendatu zuen EAJk. PSE-EEk, ordea, bi zenbatekoen arteko aldearen zergaitia San Rokeko biribilgunean kokatu zuen: \"Ez da obra osoa exekutatu eta hortxe dago aldea, ez kudeaketa onean\". Horrez gainera, aurrekontuetan jasotako inbertsio batzuk gauzatu ez direnez ( Urki-Hegoaldeko eraztuna) gobernu taldeari \"inoperantzia\" leporatu zuten. Aralar taldeko Dani Maezturen ustez ere \"geldo\" ibili da gobernua taldea: \"Aurrekontuak martxoan onartu ziren eta beharrezko ariketa finantziarioak orain arte ez dira egin\". Horregaz batera, horrelako kredituak eskatzeko banku etikoen aukera aztertzeko eskatu zuen. Talde Mistoak martxoan aurrekontuen kontra bozkatu zuen moduan, atzo ere ezezkoa eman zion proposamenari: \"Aurrekontuen kudeketa ereduagaz ez gaude. Esaterako, udalaren lursailak saltzeko joera dago, gero errentagarritasuna hortik ateratzeko, baina biztanlez Durangaldeko herririk handien garen arren, lur-zatiei dagokionez txikiak gara. Lurrak amaitzean zer egingo dugu? Beste eredu bat garatu behar da\". PPk aurrekontuen kontra bozkatzeko argudio berak erabili zituen: \"Orduan esan genuen inbertsio batzuekin ez geundela ados ez genituelako lehentasun moduan ikusten eta alderantziz. Kredituak banan bozkatuko balira beharbada batzuk onartuko genituzke, baina blokean bozkatuko direnez ezetza emango diogu\". Udal eraikinen garbiketa Udalbatzar berean udal eraikinen garbiketa kontratua orain daraman enpresari beste sei hilabetez luzatzea onartu zuten, batzordean baldintza orri berria eztabaiadatu eta egokitzen duten artean. Izan ere, Aralarren ustez, lan guztiak sail batean emanda \"enpresa txikiei, batez ere gizarteratze enpresei, ez zaie lehiatzeko aukerarik uzten, ezin dutelako enpresa handiekin lehiatu\". PSE-EEk ere \"irizpide soziala handitu beharra\" ikusten du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!