Internet bidez zabaldutako informazioa okerra dela eta zentsurarik ez dela izan argitu du udalak.
Joan zen astean zabaldu zen zurrumurrua. Berdintasun sailetik antolatutako gutun lehiaketan zentsura egon dela zioen e-mail batek, irabazi arren, gutun hori ez omen zelako argitaratuko. Atxilotu baten tortura testigantza zuen oinarrian lanak. Durangoko Udaletik argitu dutenez, \"gutun hori ez da argitaratu, orain arte egindako lehiaketetan inoiz ez delako erabaki hori hartu\". Azken hiru urteetan ez da lanik kaleratu, liburuxka bat egiteko beste material ez dagoelako. Beraz, gaiak ez du ez publikatzean zerikusirik.
Internet bidez ziztu bizian zabaldu da berria; Gara egunkariak ere publikatu zuen zapatuko alean. Hori dela-eta adierazpenak egin dituzte udaletik. Oier Perez ezker abertzaleko zinegotziak ere argipenak eman ditu
altzoan.com atarian: \"E-mail famatu horretan bi paragrafo ezberdintzen dira. Txikienean, testuaren egileak berak idatzitakoa, ez da zentsuraren aipamenik ere egiten\", dio Perezek. Antza denez, mezu hori jaso duen norbaitek, txarto ulertu eta beste paragrafo bat gehitu dio e-mailari.
Testu faltagatik argitaratuko ez zela jakinda, idazleak ingurukoei zabaldu gura ei zien bere lana, nahiz eta eskubideak udalarenak direla jakin.