Durangoko Astarloa elkarteak Juan Manuel Etxebarria euskaltzaina gonbidatu zuen Durangora Euskararen Egunean. Euskaldun zaharren konplexuez jardun zuen Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Euskaldun zaharren konplexuen gainean egin duzu berba... Aspaldiko kontua da. Euskara estandarra behar zen irakaskuntzan sartzeko eta euskarari oinarri batua emateko. Kontuan hartu behar da, aspalditik eta euskara batua sortu zenetik, gure herrian hiru belaunaldi bizi izan garela, aitita-amamak, erdikoak eta umeak. Gehien bat alfabetatze kontua irakaskuntzara eta leku ofizialetara joan da, baina gure belaunaldi zaharrak etxean jarraitu du bizitzen. Estandarizazio honek eten bat sortu du gure zaharren eta gazteen artean. Gauza bat alfabetatzea da eta beste bat hizkuntza jakitea. Hizkuntza gure zaharrek ondo dakite. Nire amak 91 urte ditu eta euskaraz bizi izan da bizitza guztian. Ez daki \'h-a\' non jarri behar den edo analisi sintaktiko bat egiten, baina hizkuntza bai. Pertsona horiek euskaraz ez dakitela uste dezakete? Nire seme-alabak txikiak zirenean konturatzen nintzen amamatxoak ume txikiekin joaten zirela autobus geltokira eta umeen hutsak egiten zituztela. Euren umea ikastolara, eskolara edo unibertsitatera zihoala-eta eurek baino euskara gehiago zekiela uste zuten. Konplexuak hartu eta euren euskarak ez zuela balio eta euskara berria ikasi behar zelakoan zeuden. Euskal Filologia Gotzon Garatek Deustun sortu zuenean ikasle nenbilela, gure ikerketa guztiak ikusi ahala etxeko euskara oso aberatsa zela konturatu nintzen. Hain aberatsa bada, zergatik ez erabili euskara batu hori aberasteko, nahiz eta gure zaharrak konplexuz bete? Nire doktore-tesia eta etnografia lanak egiteko, Barandiaranegaz, iturri handienak nire aita eta ama izan dira. Eta gero herrikoak, ingurukoak. Gorbea inguruan nabil pertsona zaharrekin hartu-emanean eta benetako entziklopediak dira. Aberastasun hori zertan datza? Gure herriko hiztunei prestigioa ematea aberatsa da. Entonazioa, azentua, gauzak esateko modua inportantea da.Bizitzeko modua. Hizkuntza bizitzaren ispilua da, eta gure zaharrak euskaraz bizi izan dira euren munduan eta hori da guretzako aberasgarri. Orain mundu berrirako gauza berriak sortu edo egokitu behar ditugu, baina aurrekoari prestigioa kendu barik. Lehengo egunean unibertsitatean zehargaldera eta erlatiboa azaltzen ibili nintzen. Esaten nien, nik azentuz bereizten dudala esaldi nagusia eta mendekoa. Nire amak hori zer den ez daki, baina. Gure herriak halako gauzak ditu. Jende hau ezin dugu bazterrean eta isilean eduki. Altxor horretatik hartu egin behar da. Zure inguruan sarri ikusi duzu pertsona nagusien konplexu hori? Askotan. Lehengo egunean oinez joan nintzen, zapatu goizean, eta bidean hirukote bat zihoan aurretik. Bediakoa zen bat, eta "errekari" berba esan zuen. Berba horren inguruan galdetu eta ez zuen errepikatu gura izan, txarto zegoelakoan. Amagaz berba egin nuen, eta "errekari"-k errekaren inguruak esan gura ei du. Hiztegietan ere ez dator, eta egunen batean jaso beharko dugu. Arratian bertako berbategia kaleratu da duela gutxi, eta bertan sartu dugu. Pertsona horien jarrera zelan aldatu daiteke? Ez da erraza. Hitzaldi asko eman ditut, eta apurka-apurka badoaz kontzientziatzen, baina normalean jende zaharrak uste du euren euskarak ez duela balio. Pena da, ze gauza batzuk irakurtzen ditut eta konturatzen naiz badaudela herrian hori esateko beste modu batzuk. Zenbat eta zaharragoa izan erdal kutsu txikiagoa daukate, eta horixe da balioa guretzako. Nik bazterrak arakatu ditudalako, baina 1968tik hona zenbat zahar hil diren euren berbakera ezagutzea aprobetxatu barik! Ahozko euskararen gainean hainbat ikerketa egiten dira. Geroago eta sentsibilizazio gehiago dago, bai. Nik Koldo Mitxelenagaz doktorego tesia egin nuen, Zeberio haraneko euskararen azterketa etnolinguistikoari buruz. Beste batzuk ere badabiltza herrietako azterketak egiten. Bediako ikasle batek tesina egin du Bediako azken pastorearen lexikoa aztertuz. Bermeo eta Ondarruko lexikoak ere aztertu ditut. Igorren,liburu baten aurkezpena bertako 88 urteko artzain baten bideoagaz amaitu genuen, eta han batutakoek esaten genuen: "Horiek dira gure maisuak".