"Burdinolak artearekiko nire kezkak eta ideiak islatzeko balio izan dit"

Anboto 2010ko abe. 1a, 09:14

Teresa Ibarra (Elgorriaga, Nafarroa, 77 urte) 30 urtegaz hasi zen burdina artelan bihurtzen. Durangoko Gran Hoteleko balkoia eta eskailerak, esaterako, bere burdinolak atondu zituen. Bariku arratsaldean ondo merezitako Artetsu saria jasoko du.

Teresa Ibarra (Elgorriaga, Nafarroa, 77 urte) 30 urtegaz hasi zen burdina artelan bihurtzen. Durangoko Gran Hoteleko balkoia eta eskailerak, esaterako, bere burdinolak atondu zituen. Bariku arratsaldean ondo merezitako Artetsu saria jasoko du. Aurten zuk jasoko duzu bizi osoko ibilbideari dagokion Artetsu saria. Ez nuen itxaroten eta gehiegitxo ere iruditzen zait. Askok merezi dute nik beste eta nik baino gehiago. Hala ere, zer esanik ez, oso pozik nago. [imgd]http://www.anboto.org/images/8500/8530/1.jpg[/imgd] Nondik datorkizu burdina lantzeko afizioa? Nire senarrak itsasuntzien motorren inguruko tailerra zuen. Inguru hauetan emakumeak sarritan laguntzen zion senarrari bere zereginetan eta ni ere horretan hasi nintzen. 30 bat urte nituen eta ordura arte sekula mailukada bat eman bakoa nintzen. Ondoren, burdina lantzeko zeure tailerra sortu zenuen. Senarra artista zen bere zereginean, baina ez zen hortik aldentzen, ez zuen haragoko imaginaziorik landu. Nik, aldiz, artearekiko neure kezkak eta pentsamenduak nituen. Buruan bueltako nituen ideiak islatzeko modua izan zen. Bestela, ez nuen horretarako aukerarik izango. Beti izan naiz behatzailea eta esperimentatzea gustatzen zait. Autodidakta izan zara? Bai. Nire anaia Migeltxo Frantzian bizi zen eta handik artisautzari eta arteari buruz bidaltzen zizkidan aldizkariek asko lagundu zidaten. Nola esan; ordura arte horrelako ideiekin neu bakarrik nengoela uste nuen eta ikuspegia zabaltzeak neure ideietan finkatu ninduten. Frank Gehryren lanek ere eragin dizute. Gehryren lanek, irudiek eta zirriborroek ere nuere ideiak berresten lagundu zidaten. Artista handi horren adierazteko modua neure barruan sentitzen nuen eta lotsa alboratzen lagundu zidaten. Zure seme Fernando ere Martin Ibarra Burdinolan ari da. Bere aita bezain perfekzionista da. Egiten duena gustatu egiten zaio eta hori bere lanetan igartzen da. Durangoko Gran Hotel-eko forjaketa lanak zuek egin zenituzten. Bai, kanpoaldeko balkoia eta barruko eskailerak jantzi genituen, besteak beste. Oraindik ez dut sekula hotela bisitatu, egia esanda. Joan behar dudala, joan behar dudala, baina ez zait aukerarik sortu. Artetsu saria jasotzera noala aprobetxatuz, lehenengoz bisitatuko dut. Pintura ere gustatzen zaizu. Betidanik gustatu izan zait, baina oraintxe murgildu naiz denbora gehiago dudalako. Baten batek "sasoi ederrean" esango du, baina Menchu Gal artista irundarraren ama ere berandu hasi zen. Burdina lantzea ez dela emakumeen lana uste dutenen matxismorik jasan duzu? Bai gero! Makina bat bider. Badakizu zer egin izan dudan? Komentario guztiak bizkarrera bota, eutsi, eta, posible bada, oraindio gogo gehiagorekin jarraitu lanean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!