Merkatu plazak izenari izana gehituko dio abenduaren 3tik 8ra arteko sei egunetan. 66 standek eta hainbat erakustetak zein ekitaldik artisautza salerosketa sustatu eta herritarrengana hurreratuko dute.
Barikuan irekiko dute azoka, batez ere, ikastetxeetako gazteei begira, eurak direlako etorkizunean zura landu, larrua josi, burdina moldatu edo beste barik diru-zorroa poltsikotik atera eta produkturen bat erosi lezaketenak.
Aurten iaz baino sei stand gehiago atonduko dituzte, kaleetan eta luzetara bananduta: 66. Ohi duten moduan gehienak artisautzaren gainekoak izango dira, baina elikagaiek ere hartuko dute euren txokoa. Bizkaitik eta Gipuzkoatik iaz baino bost eta sei artisau gehiago etorriko dira, hurrenez hurren. Araban, ordea, bostetik batera jaitsi da kopurua.
Aurtengo azokak hiru ideia nabarmenduko ditu, beste hainbeste kartelen bidez: emakumea, komikia eta \'ezberdintasuna\'. Lehenengo biek badute harremana. Emakume artisauaren figura goraipatzen du kartel batek eta patchwork teknikaren bidez osatuko duten komikiak gai horixe landuko du. Bestalde, \'ezberdina\' dena nabarmendu gura dute hirugarren kartelagaz, artisautzaren berezko ezaugarria dela uste dutelako.
Halleko erakusketa emakume artisauen gainekoa izango da aurten. Bederatzi artisauren jarduna bertatik bertara ikusteko aukera eskainiko dute. Horietako zortzik zura lantzen dute, eta beste bat artearen zaharberritze lanen gainekoa da.
Artisautza tradizioa ezagutzera emateko ahaleginean, orain urte batzuk baliabide teknologiko berrien aldeko apustua egin zuten, eta ez dute bide horretatik aldentzeko asmorik. Horregatik, aurten ere Euskal Dendaren gaineko informazioa bermatu eta iritzi trukea ahalbidetuko dute, facebook eta blog bitartez.
Artisautza azokako urteroko berezitasunetako bat standik onenaren lehiaketa izaten da. Aurten ere ordenagailuz gehien gustatu zaien standaren aldeko botoa emateko aukera izango dute azoka bisitatu eta produkturen bat erosten dutenek. Iaz Anne Kathrin-en Zegamako Javones Naturales Garbi postuak jaso zituen botorik gehien. Arbaso elkarteak ere aukeratu zuen gehien gustatu zitzaion bat: Durangoko Eneko Unzaluren bitxien gaineko standa, hain zuzen ere. Beraz, postu bi horiek aurten gonbidatu moduan etorri dira, horixe da-eta lehiaketaren saria.
Bitxikeria moduan, aipatu beharrekoa da aurten \'Euskal Denda\' izena erregistratzea erabaki duela Arbaso elkarteak. Horrela, hemendik aurrera izendapen hori Durangoko Artisautza Azokak bakarrik
izango du.
Euskal Dendaren informazioa:
euskaldenda.blogspot.com
euskaldenda.info