El Correo egunkariak kaleratutako edizioan jakitera eman duenez, Durangoko 30 familiek herriko bi inbertsiogile salatu dituzte. Guztira 4 milioi euroko iruzurra egin dutela azaldu du egunkari honek.
El Correo egunkariak gaur (azaroaren 29a) kaleratutako edizioan jakitera eman duenez, Durangoko 30 familiek herriko bi inbertsiogile salatu dituzte. Egunkari honek azaltzen duenez, irabazi handiak eskaintzen zizkieten, merkatuan daudenak baino askoz handiagoak eta \"beraien aurrezkiekin gelditu ziren\".
Iruzurrean familia bakoitzak bataz beste galdutako kopurua 300.000 eurokoa da, baina badago 900.000 euro inbertitu dituenik ere. Iturri judizialek diotenaren arabera, guztira 4 milioi euro galdu dituzte. Iruzurra piramide egituran oinarritua zegoen, \"beraz, hasierako inbertsiogileen interesak ondorengo bezeroek jarritako kapitalarekin ordaintzen zituzten\".
Salatutako inbertsiogileen bulegoa Durangon zegoen. El Correok bere artikuluan dioenez, lagun talde batekin ziharduten inbertsioak egiten, \"gehienak aberatsak\". Orain 10 urte egin ei zituzten hasierako inbertsioak eta arrakastatsuak izan zirenez \"bezeroen konfidantza irabazi zuten\". Beraien dirua inbertitzeko maileguan uzten zieten eta %15eko interesa eskaintzen zieten. Hala ere, kontratuetan %4a jartzen zuten. Kaltetuetako batek azaldu duenez, \"arrazoi fiskalak argudiatzen zituzten\".
Interesak bi ordainketetan egingo lituzkete sei hilabetero eta kapitala urte betean itzuliko litzateke. Familia hauetako batek ere ez du dirurik jaso bi eta hiru urte pasatzean kontratua sinatu zutenetik. Eskaeren aurrean, inbertsiogileak aitzakiak ematen hasi zirela dio egunkariak. \"Bakoitzari gauza bat esaten zioten. Suitzan 20 milioi euro erretenituta zituztela, Marokon zegoela eta egun batetik bestera desagertu egin ziren\". Durangon zuten pisu bat salgai jarri dute.
L.F., 69 urteko jubilatu bat izan zen auzitara eraman zituen lehenengoa bide penaletik Durangoko 1. Instrukzio Epaitegian. El Correori bere abokatuak azaldu dionez, \"froga garrantzitsuena aurkitu zuen Seymour Business ustez inbertsioa egiten zuen empresa sozietate fantasma bat zela eta bere taloia inbertsiogileetako baten emaztearen empresa batera zihola konturatu zenean\". Bi inbertsiogileak teknikoki kaudimengabeak direla dio abokatuak eta beraien izenean hipotekatutako eta bahitutako lursail bat dutela Zamoran. Beraz, auzia beraien emazteengana ere zuzendu dute. Inputatuek lehenengo deklarazioetan esan dutenez, dirua zor zutela aitortu dute, baina beraien hornitzailea zor batengatik auzitera eraman dutela argudiatu dute eta L.Fren dirua tramiteetarako erabili dutela.