Montevideo kaleko lanetan, aitzindaria den asfalto ekologikoa ipiniko dute

Anboto 2010ko aza. 22a, 16:16

Montevideo kalea eraberritzeko lehenengo fasea Zumalakarregi eta Uribarri kaleetako bidegurutzeen artean egingo dute.

Montevideo kalea eraberritzeko lehenengo fasea Zumalakarregi eta Uribarri kaleetako bidegurutzeen artean egingo dute. Bidea eta espaloia maila berean ipiniko dituzte eta autoendako bidea asfalto ekologikoz estalitako dute; Euskal Autonomia Erkidegoan asfalto mota hori probatuko duen lehenengo herria da Durango. Eusko Jaurlaritzatik jasotako 402.000 euroko laguntzak ahalbidetuko ditu lanak. Herriko komertzioa biziberritzeko plan bereziak (PERCO) Durangoko zenbait kale eraberritzearen beharra azpimarratzen du, modu horretara kale horietako komertzioa suspertu dadin, eta merkatarien elkartearekin egindako batzarrean \"lehentasuna Montevideoko lanei ematea erabaki zen\", gogoratu du Aitziber Irigoras alkateak. Beraz, zonalde hartako bizilagunen bizi kalitatea hobetzeaz gainera, komertzioa suspertzea ere badu helburu proiektuak. [imgd]http://www.anboto.org/images/8400/8488/1.jpg[/imgd] Joan zen astelehenean hasi ziren Montevideo kaleko lanak eta hile bian amaituko dituzte. Lanak tramuka egingo dituztela zehaztu du alkateak, orain Udalak \"ez\" duelako \"inbertsio guztiak aurrera eramateko dirurik\". Lehenengo fasea Zumalakarregi eta Uribarri kaleek Monetevideogaz bat egiten duten bidegurutzeen artean gauzatuko dute. Alde batetik, bidea eta espaloia maila berean (koska barik) ipiniko dituzte. Bidea, Euskal Autonomia Erkidegoan lehenengoz, asfalto ekologikoz egingo dute: material horrek autoetako ihes-hodiek isuritako kutsadura xurgatzeko ahalmena du. Azterlanek asfalto horren kontrola eramango du hile batzuetan kutsadura zer mailatan xurgatzen duen jakiteko, eta datuak onak badira, \"asfalto hori herriko beste gune batzuetan ere txertatuko dugu\". Kontrola eramateko eremu handiagoa behar dute, eta horregatik, Astarloa eta Olleria kaleen artean ere asfalto ekologikoa ipiniko dute datozen hile bietan; baina asfaltoa bakarrik, gainerako eraberritze lanak beste fase batean egingo dituzte. Udal arduradunek jakinarazi dutenez, Europako herri batzuetan (Madril, Paris eta Londresen) dagoeneko probatu dute asfalto mota hori. Bestetik, espaloia zabaldu egingo dute eta, ondorioz, bidearen alde bateko aparkaleku ilara kenduko dute. Hor kendutako aparkalekuak, behin behinean, Gaztetxe ondotik trenbidera arteko lur-zatian, luzetara, egokituko dituzte. Asmoa, inguru horretako etxebizitzak egiten direnean, aparkalekuak atzeko aldean eta trenbideko hormari perpendikular ipintzea da. Aparkaleku horiek bertako egoiliarrentzako legez jasoko lituzkete OTAren ordenantzan. Tramu horretan bizikletentzako erreia ere badago eta orain kendu egin duten arren, lanak amaitzean berriro erabilgarri ipiniko dute toki berean. Azkenik, orain exekutatuko duten tramua eserlekuz eta zuhaitzez edertuko dute eta azpiegiturak (ur edangarriaren hodieria, argindarrarena eta telekomunikazioena) zein argiteria berriztatuko dituzte. Kale argiak orain artekoak baino \"eraginkorragoak\" izango dira; 4,5 metroko garaiera izango dute (orain daudenena baino baxuagoa) eta beherantz orientatuta egongo dira.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!