Azken aldian Interneteko webguneek hartu duten norabideari jarraituz, Berbarok webgune berria abian ipini du, \"askoz dinamikoagoa dena eta parte-hartzea sustatzen duena\", euskara elkarteko kideek adierazi dutenez.
2009an egindako gogoeta estrategikoan, bazkideen aldetik jasotako iritzietako bat Internetek hartu-eman sozialerako eskaintzen dituen aukera anitzak -2.0 deitzen zaiona- Berbaroren webgunean txertatzea izan zen. Orduan hasitako bidearen amaiera
www.berbaro.com helbidean ezagutu daiteke.
Gaur inauguratu duten webguneak ez du aurrekoagaz zerikusirik. Alde batetik, gura duen edonork albisteetan komentarioak gehitzeko aukera izango du. Diseinuaz arduratu den Di-da enpresako kudeatzailea den Gorka Barruetabeñaren esanetan, \"denen artean eraikiko den komunikazio tresna bihurtzea gura dugu\". Horrela, alde bateko komunikazioa bakarrik ahalbidetzen zuen webgune estatikotik hartu-emana sustatzen duen gune dinamikorako saltoa eman dute.
Webgunearen bitartez, Berbaroko kideen eta webguneko erabiltzaileen artean hartu-eman bat sortuko da, eta iritziak jasotzeko ere balioko du.
Bideoak ikusgai
Berbaroko webgune berriak lehen eskaintzen duen informazio guztia eskuragarri izango du orain ere, baina horrez gainera, eskaintza horri euskarri berrietan emandako informazioa gehituko diote. Izan ere, testuez eta argazkiez gainera, esaterako, Berbarok garatzen dituen ekitaldien gaineko bideoak ikusteko aukera ere eskainiko dute gaurtik aurrera.
Euskara elkartearen urte osoko plangintza zein astean asteko ekintzen berri jakin gura duenak, nahi izanez gero, webgunearen bitartez jaso ahalko du informazio hori guztia.