Memoriaren Egunean, biktimak gogoratzeko ekitaldiak

Anboto 2010ko aza. 11a, 09:00

Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, urtero ospatuko da azaroaren 10ean Memoriaren Eguna. Terrorismoaren biktimak gogoratzeko ekitaldiak antolatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, urtero ospatuko da azaroaren 10ean Memoriaren Eguna. Terrorismoaren biktimak gogoratzeko ekitaldiak antolatu dituzte. Memoriaren eguna dela eta, Durangon ere ekitaldiak izango ziren atzo. Durangoko udalaren udalbatzak bi ekintza adostu zituen bozeramaileen batzordean. Alde batetik, EAJ-PNV, PSE-EE eta PPk sinatutako Erakunde adierazpena irakurtzea pleno aretoan, 13:30ean; bestetik, arratsaldeko 18:30ean lore eskaintza egitea Ezkurdin, biktimen monolitoaren aurrean. ETAk eragindako biktimak aipatzen ditu bereziki Eusko Jaurlaritzak proposatutako testuak \"euskaldunon elkarbizitza oraindik ere mehatxatzen duen taldea delako\" dioenez. Baina, \"baita ere, beste talde terrorista batzuek eragindako biktimak. Talde horiek, nahiz eta gaur egun iraganekoak izan, sufrimendua eragin zuten eta, horregatik, biktima horiek ere aintzatespen eta aitormen berak merezi dituzte\", azaltzen du testuak. Aralarrek ez du adierazpen bat ere sinatu: ez legebiltzarrekoa ezta Durangokoa ere. Alderdi honek dioenez, \"ez gatoz bat Terrorismoaren Biktimen Zuzendaritzak esaten duenarekin, biktimen aitortzatik memoriara pasatu behar dela proposatzen duenean, biktima guztiak errekonozitzeko bidea oraindik itxi gabe edo bukatu gabe baitago\". Egun hau hasieratik hankamotz jaio zela uste du Aralarrek. Aralarren iritziz, \"ekimen alderdikoi baten aurrean gaude, sinatu duten hiru alderdien aldetik ez baita egon testura Aralar gaineratzeko asmorik\". \"Frankismoaren biktimei eta Estatuak egindako giza eskubide urraketa larriak pairatu dituzten biktimei ere memoria eskubidea errekonozitzea\" zen Aralarren helburua. Iurretan ere EUDELetik heldutako adierazpen orokorra irakurri zuten goizeko udalbatzarrean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!