Asier Bilbao: "Saturrarango kartzelako egia gizarteratzen ahalegindu gara"

Anboto 2010ko aza. 5a, 11:18

Abenduan New York-eko Spanish Cinema Now jaialdian erakutsiko dute Izarren Argia pelikula; datozen bost egunetan, Durangoko zineman izango da ikusgai. Produkzio arduradun Asier Bilbao durangarra izan du.

Abenduan New York-eko Spanish Cinema Now jaialdian erakutsiko dute Izarren Argia pelikula; datozen bost egunetan, Durangoko zineman izango da ikusgai. Bizi izan zutenena eta guztiona den Saturrarango kartzelaren historia isilpetik ateratzera dator filma, produkzio arduradun Asier Bilbao durangarra izan duena. Zer moduz doaz emanaldiak? Euskal Herrian nahiko ondo, batez ere, Gipuzkon zein Nafarroan ere egin diren emanaldiekin oso pozik gaude. Madril, Bartzelona, Sevilla, Valentzia, Malaga, Zaragoza etabarretan ere eman dugu, eta hor promozio handia egiteko ahalmenik ez daukagunez, emaitza ez da hain ona izan. Kopia asko atera eta nahiko ondo banatu arren, igarri egin da promozio indartsu baten falta ikusle kopuruetan. Gaiagazko sentsibilitate berezia ote dago hemen? Sentsibilitate hori Estatu osoan espero genuen, nahiz eta egia den hemen, Saturraran hemendik ordu erdira egonda, normala ere baden jendeak gertuagoko sentitzea. Gaia uste dut oso unibertsala dela, eta gainera Saturrarango kartzelan preso egon zirenetariko gehienak ez ziren euskaldunak, asturiarrak ziren gehienak, eta Estatu osoko andreak egon ziren. Hainbeste denborako lanaren ondoren, zer sentsazio eragin dizu ikusle moduan pelikulak? Ikusle moduan, proiektu baten barruan sartuta hainbeste denbora daramazunean ez da erraza izaten ikusle normala izatea: pelikula horren atzean dauden arazoak, poztasunak, lana eta denbora gaitza da ahazten. Gehienbat, inguruan daukazun jendearen erantzunaren zain egoten zara, eta, batez ere, lehenengoz ikusten duenean jendeak daukan erreakzioa gura izaten duzu ezagutu. Aldamenekoen komentarioak zelakoak izan dira orain arte? Orokorrean oso ondo hartu du jendeak, emozionatu egin ditu pelikulak. Emozionatzeko, baina, entretenitu egin behar zaitu pelikula batek derrigorrez, eta gauza biak lortzen direla uste dut; ikuslea pelikulan sartuta mantentzea lortzen da, eta kasu gehienetan emozionatu egin dira. Ikusleak pelikula jarraitzea, ulertzea eta beragaz emozionatzea lorpena da guretzat. Hasieran zeneukaten helburua lortu duzuela pentsatzen duzu? Helburua Saturrarango kartzelan gertatutakoaren egia gizarteratu eta oroimen historikoa berreskuratzeko bidean gure aletxoa ipintzea genuen. Gure esparrua delako eta jende askorengana ailegatzeko aukera eskaintzen duelako, zinema hautatu dugu bitarteko. Ideia zelan sortu zen? Orain hiru urte inguru konturatu ginen gauza asko dakigula Argentina eta Txilen gertatu zenari buruz, esaterako, eta gure historiari buruz oso gutxi dakigula. Estalita eta isilduta egon da historiaren parte oso inportante bat. Ondarroa eta Mutrikuko jende askok ere ez daki Saturrarango kartzelaren berririk, eta hori azaleratu beharra zegoela ikusi genuen. Ikuspuntua du berezia pelikulak. Espainiako gerra frentearen eta gudarien ikuspuntutik kontatu izan da orain arte, eta guk emakumeen, amen eta ume lapurtuen ikuspuntua gura genuen eman. Han egon ziren 4.500dik gora emakumeri omenaldia egin gura izan diegu, sei-zazpi urtez kartzela hartan bizi izan zirenei ahotsa eman nahi izan diegu, euren bizipenak adierazi ditzaten. Hasierako ideia dokumental fikzionatu bat egitea zen, eta gero konturatu ginen pelikula egiteko eta istorioa gehiago zabaltzeko aukera ederra geneukala. Egiazko gertakarietan oinarritutako pelikula da azkenean osatu duguna. Zelakoa izan da sortze-prozesua? Bulegoan norbaitek kontatu zuen istorio batetik hasi ginen Saturrarango kartzelaren inguruan dokumentatzen. Dokumentazioa bildu eta han bizi izan zirenen testigantzak jasotzea izan ziren lehenengo pausuak. Bost lagun elkarrizketatu genituen; preso egondako lau emakume eta preso egondako emakume baten alaba. Pelikula kontestualizatu eta \"ikustera zoazena benetan gertatutako istorio bat da, ez da asmatutakoa\" esateko, euretariko batzuk agertzen dira filmaren hasieran. Hori da pelikularen oinarria; eurek kontatutakoa. Zelan bizi izan dute pelikularen prozesua emakume horiek? Urte gutxi pasatu dira, baina aldi berean eurentzako bizitza oso bat igaro da -90 urte inguru dituzte-, eta orain arte ez dira ausartu han gertatutako kontatzen. Beldurra, errudun sentimendua, lotsa izan dute Saturrarango euren esperientzia kontatzeko, eta pixkanaka joan dira zabaltzen. Oso eskertuta eta gustura daude proiektu honetan parte hartu ahal izan dutelako, eta hainbeste urteren ondoren gaia gizarteratzea lortu dugulako. Produkzio arduradun zaren aldetik, zer zailtasun topatu dituzu? Pelikula historikoa izanik, konplikazio handiena da dekoratua, jantziak, ile apaintzea... asko landu beharra. Zerotik sortu behar duzu dena. Oso film korala da, bestalde; inguruan pertsonaia oso inportanteak daude, erreparto zabala. Talde teknikoan 70 lagun eta errepartuan 25 aktore eta figurazio oso ugaria. Pelikula sinesgarria egitea lortu dugulako gaude oso pozik. Euskaraz da bertsio originala. Hainbatek kritikatu egin du zelan litekeen moja edo militar frankista batek euskaraz egitea pelikulan, baina inork ez du ezer esaten erromatar bat gazteleraz entzuten duenean zineman. Hizkuntzaren normalizazioan egiteko dagoenaren erakusle eta euskaragazko errespetu falta da nire ustez kritika hori.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!