Tren berrien gaineko informazio jasotzen duen erakusketa zabaldu dute

Anboto 2010ko urr. 29a, 15:06

Hiru astez egongo da irekita Ezkurdi plazan egokitutako karpan. Eusko Jaurlaritzak EuskoTreneko 30 tren berri aurkeztu ditu Durangon. Serie berri honek tren sektorearen teknologia-berrikuntzarik aurreratuenak eransten ditu. Ezkurdi plazan hiru astez tren berrien gaineko erakusketa zabaldu dute eta aginte-paneldun bagoi bat eskala errealean ere ikusi daiteke. Eusko Jaurlaritzako Garraio sailak 201 milioiko inbertsioa egin du eta horietatik 180 milioi dagoeneko lizitatuta daudela adierazi du Garraio eta Herri Lan Sailburuorde Ernesto Gascok. CAF enpresak fabrikatutako unitate berriak sistemaren segurtasuna eta fidagarritasuna hobetzeko teknologia-elementuak sartuko ditu. Modelo berrietan sartutako segurtasun sistemetariko bat \'anticlimber\' deritzona da. Sistema horrek, deformazioak xurgatzen ditu eta istripuren bat izanez gero, ibilgailuak bata bestearen gainean pilatu daitezen eragozten du. Egituraren diseinua ere energiaren xurgatzea gehitzeko pentsatuta dago. Oraindik indarrean dauden trenak 1977tik 1978ra bitartean CAF enpresak diseinatu eta eraiki zituen General Electric talde elektrikoekin, eta gaur egun 15 unitate daude oraindik indarrean. Bestalde, EuskoTrenek 1983an CAF, Babcock & Wilcox eta Westinghouse enpresei oraindik martxan dabiltzan 200 serieko unitate egiteko eskatu zieten. Tren horiek 1986an hasi ziren martxan. Tren berriek itsuentzako soinu-abisuetako azken berritasunak txertatuta dituzte eta baita entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzat argi-seinaleak ere. Unitate bakoitzak 214 bidaiari garraiatu ditzake eserita eta gehienez 100 kilometro orduko abiadura hartu dezake. Halaber, tren guztiek zuntz optikoko Red Ethernet Gigabit-a dute, eta baita, besteak beste, Wifi eta GPRS sistemak ere.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!