Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailburuordeak adierazi duenez, Durangoko tren geltoki berria eta Lebarioko tailerrak 2011 amaitu aurretik eginda egotea nahi dute. EuskoTrenen egoitza berriari buruz \"ez dela lehentasunezko proiektua\" azaldu du.
Datorren urtean martxan ipintzen hasiko diren tren berrien gaineko erakusketa inauguratu dute gaur (urriak 29) Durangon eta Ernesto Gasco Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailburuordeak Durangoko trenbidearen lurperatzearen gaineko adierazpenak ere egin ditu. Tren geltoki berriari buruz dionez, \"datak tentuz eman behar dira, baina asmoa 2011 amaitu aurretik geltokia prest egotea da\". Horrez gainera, Lebarioko tailerrak ere \"2011 amaierarako\" prest izan nahi dituzte.
Bere sasoian Iñaki Arriola Garraio sailburuak
esandakoa errepikatuz, EuskoTrenen egoitza Durangon egiteko proiektua \"ez dago lehentasunen artean\", adierazi du Gaskok. Gaur egungo egoera ekonomikoa ikusita behinago ikusten du, esaterako, \"trena ahalik arinen lurperatzea\" edo dirua \"heziketan, osasun zerbitzuetan zein bestelako zerbitzu publikoetan\" inbertitzea. Proiektua gauzatuko den galdetuta zera dio: \"Orain egoitza bat dugu Atxurin. Egoitza berri baten beharrik baldin badago, eta beharbada egin beharko da, beharbada Durangon egon beharko litzateke, baina orain 70 milioi euro horretan inbertitzea ez dago lehentasunen artean. Metro karratua 10.000 euro balio duten bulegorik ez du orain behar\".
Lurperatze lanen amaiera datarik ez du zehaztu. \"Denbora gehiago\" hartuko dutela adierazi du \"lan konplikatuagoa delako\". Dena dela, lan guztiak martxan daudela adierazi du eta euren exekuzio maila \"%70etik gorakoa\" dela. \"Konfiantza eta pazientzia eskatzen\".