Administrazioetarako idatziak udalean aurkezteko bidea hasiko dute

Anboto 2011ko api. 2a, 09:18

Eusko Jaurlaritzagaz hitzarmena sinatzea onartu du Udalak, EAEko edozein administraziora eroan beharreko dokumentuak udaletik posta zerbitzuz kudeatzeko. Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoetan aurkeztu ahalko dira idatzi horiek

Eusko Jaurlaritzagaz hitzarmena sinatzea onartu du Durangoko Udalak, EAEko edozein administraziora eroan beharreko dokumentuak udaletik posta zerbitzuz kudeatzeko. Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoetan aurkeztu ahalko dira idatzi horiek. PSE-EEk aurkeztu du proposamena mozio bidez, eta Aralarrek alde bozkatu du. EAJ, PP eta Talde Mistoa abstenitu egin dira. Neurri berri honen helburua \"durangarren joan-etorriak gutxitzea eta administrazioak herritarrengana gerturatzea\" dela azaldu du PSE-EEko bozeramaile Pilar Riosek. Aralarrek proposamenaren alde egin du, \"tramitazioak arintzeko edozein proposamen ona\" dela iritzita. Alderdi Popularra, Talde Mistoa eta EAJ, berriz, abstenitu egin dira bozkaketan, neurria praktikara eroateko orduan gauzak argi ikusi ez dituztelako. PPko Juanjo Gaztañazatorrek azaldu du alde bozkatuko luketela \"Eusko Jaurlaritzak zerbitzuaren kostuaren zati bat edo dena ordainduko balu\". Talde Mistoak \"asmoa ona\" dela adierazi du, baina Oier Perezek azaldu duenez, \"batzodean landu beharreko gaia\" da. Hitzarmena aztertzeko premia nabarmendu du: \"Gure mozioei buruz sarri esan diguzuena diogu; arlo teknikoan egingarria da?\". Filosofikoki \"talka\" egiten dutela ere esan du Perezek, \"administrazio eredu horregaz konforme ez \" daudelako eta \"nazio bat eraiki\" gura dutelako. Alkateak argitu du, martxoaren 23an aurkeztu zuela PSE-EEk hitzarmena egiteko proposamena udalera eta \"idazkariak ez duela astirik eduki juridikoki aztertzeko\". Denboraz \"justu\" ibili direlako eta hitzarmena \"landu beharra\" ikusi dutelako, abstenitu egin dira jeltzaleak. PSE-EEko Pilar Riosek \"edozein zalantza argitzeko prest\" egon dela nabarmendu du, eta kostuagatik arduratu beharrik ez dagoela azaldu du: \"txikia izango da\". Gipuzkoan antzerako sistema dutela eta \"ondo funtzionatzen\" duela adierazi du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!