Hobariak egongo dira obra publikoek kaltea eragin dieten komertzioentzat

Anboto 2010ko urr. 26a, 08:40

PSE-EEk ordenantza fiskalari aurkeztutako emendakinen artetik gehienak komertzio txikiaren gainekoak dira (ostalaritza, zerbitzuak…). Horietatik sei onartu ditu kontu batzordeak.

PSE-EEk ordenantza fiskalari aurkeztutako emendakinen artetik gehienak komertzio txikiaren gainekoak dira (ostalaritza, zerbitzuak…). Horietatik sei onartu ditu kontu batzordeak. PSE-EEk 16 emendakin aurkeztu dizkio aurtengo ordenantza fiskalari eta horietako seik aldeko jarrera jaso dute kontu batzordean. Onartua izan den emendakin batek jasotzen duenez, obra publikoen ondorioz, eta horiek iraun duten bitartean, modu batera edo bestera, euren negozioetan kaltea jasan duten komertzioek, gehienez, %95era arteko hobaria lortu dezakete zabor eta estolderia tasetan. Obrak eragin dieten egun kopuruaren arabera hobaria handiagoa edo baxuagoa izango da. Pilar Rios zinegotzi sozialistak Landakoko biribilgunea egiterakoan kaltetutako komertzioak ipini ditu adibide modura: \"Komertzio batzuen fatxada eta bertarako sarrera ikusi ere ez zen egiten eta horrek negozioari kaltea eragiten dio\". Oniritzia jaso duen beste emendakin batek aspaldian Durangon sortu diren suteetan du sorburua. Prebentzioa sustatu guran, suteen kontrako neurriak txertatzen dituzten eraikinetan %95eko hobaria jasotzea proposatu dute. Hobari hori eraikitze, azpiegitura eta obren zergari aplikatuko zaio. Hirugarren emendakin batek, ikusmen gutxitua duten pertsonek gidari moduan erabiltzen duten txakur hezituen gainekoa da. Txakur hori galdu eta dagokion enpresak jasotzen duenean, jabeari ez zaio zerbitzu horregatik tasarik kobratuko. Emendakin hau ere onartu egin du kontu batzordeak. Era berean, erabilera publikoa duten zonalde pribatuetan argitasuna hobetzeko egindako lanak ere %95eko hobaria izango dute (eraikitze, azpiegitura eta obren zergan). PSE-EEk Muruetatorreko tunelak erabili ditu adibide modura, baina zonalde ilun horietako asko Hiri Debekatuaren Mapan agertzen dira. Azpimarratu duten laugarren emendakina, udalbatzarrean bakarrik bozkatuko dute, baina \"batzordean sortu duen eztabaidagatik onartzeko borondatea dagoela uste dugu\". Emendakinak puntu bi ditu eta biak taxi jardueraren gainekoak dira. Lehenengoak eskatzen duenez, gaixotuta edo gutxituta dagoen taxistak, lanik egin ezin eta, derrigorrean, bere lizentzia hirugarren bati eman gura dionean, hirugarren horrek ez du lizentzia eskuz aldatzeko ezer ordainduko, beti ere, gaixotutako edo gutxitutako pertsona horren zainketaren kargu egiten bada. Bigarren puntuak hobariak aurreikusten ditu taxi berria erosterakoan ibilgailua pertsona gutxituentzako egokituta badago. Azkenengo emendakin bat ere aipatu dute, \"garrantzitsua\" sozialisten ustez, nahiz eta erretiratu beharrean izan diren, foru arauekin bat ez zetorrelako. Emendakinak ondasun higiezinen zerga progresiboan sakontzen zuen. Unitate bakar modura hartzen den natura ondasuna atal bitan zatitzea proposatzen dute: 50.000 euroko katastro-balioa gainditzen dutenak eta handik beherakoak. Bigarrenei (50.000tik beherakoei) orain arteko 1, 06 aplikatzen jarraitzea proposatzen zuen emendakinak, baina maila berritik gorakoei 1,30 aplikatzea. Riosek zehaztu duenez, \"batez ere, familiabakarreko etxebizitzei buruz ari gara, erosteko ahalmen handiagoa dutelako eta eraikin oso batek eskatzen dituen zerbitzu berdinak eskatzen dituelako\". Azken puntu hori emendakinen sortatik kendu duten arren, Bizkaiko Batzar Nagusietan beronen aplikazioa ahalbidetuko lukeen aldaketa eskatuko duela aurreratu du Riosek.

PP, laguntza gutxien dutenei zergak jaistea proposatuz

Alderdi Popularrak ere ordenantza fiskalen inguruan berba egin du. Prentsara bidalitako oharrean azaldu dute \"Durangoko laguntza gutxien duten pertsonei zergak jaistea\" proposatzen dutela. \"Gobernu taldeak tasak izoztea planteatzen du, baina guk harantzago joan behar dela uste dugu\", dio PPk. Familia ugariei, langabeei eta errenta baxukoei lagundu gura diete, \"krisia gehien pairatzen dutenak direlako\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!