Barne Sailak Anboto astekariari baieztatu dionez, ez dute ezelango jakinarazpenik jaso idatziz sokamuturreko aktan, ez beste edozein bidetatik. Beraz, nahasmena argituz ez dutela ezelango neurririk hartzeko asmorik azaldu dute. Martinez "pozik" agertu da jakinarazpenik egin ez dutelako eta ez dutelako neurririk hartuko. Hala ere, Jai Batzordeak 16 urtetik beherakoek ikuskizunean parte hartu zutela onartu du eta etorkizunean neurriak hartzeko lanean hasi dira. Gaur goizean Durangoko alkate Aitziber Irigoras udaltzaingoaren buruagaz batzartu da, zaintza prozedura zelan hobetu daitekeen aztertzeko. Jai Batzordeak ere gai hori aztertuko duela aurreratu ondoren, gazteen gurasoei erantzukizunez jokatzeko eskatu die Martinezek, horrelako arau-hauste batek ekarri ditzakeen ondorioez ohartaraziz. Durango zezenak tarteko dituen ikuskizunak antolatzen jarraitzen duen Bizkaiko herri bakarrenetakoa da. Bizkaiko "hainbat herritan horrelako ekimenak bertan behera geratu badira, segurtasun neurriak bete ez dituztelako izan da".
Zigor posibleak
Dena dela, gaurko prentsaurrekoan udalak arau-hauste baten aurrean jaso ditzakeen zigorren berri eman du. Durangon gertatu zen lako arau-haustea "larritzat" sailkatu zitekeela uste du udalak. Beraz, prozedimendu bat zabaldu izan balitz, 1.200 eurotik 30.000 eurora arteko isuna ezarri ziezaiokeen Jaurlaritzak udalari. Gainera, legearen arabera, aldi baterako debekua ere ezarri dezakete sei hilabetetik hasi eta hainbat urterainokoa Herrizaingo Sailak horrela erabakiz gero.