Jon Sarobe jaietako pregoilaria

Anboto 2010ko urr. 9a, 14:00

Jon Sarobe dantzariak irakurri du gaur aurtengo Sanfaustoetako pregoia. Zazpi urtegaz dantzatu zuen lehenengoz aurreskua jendaurrean, eta harrezkero ez da geratu.

Jon Sarobe dantzariak irakurriko du gaur aurtengo Sanfaustoetako pregoia. Zazpi urtegaz dantzatu zuen lehenengoz aurreskua jendaurrean, eta harrezkero ez da geratu. Aurten zeu izango zara Sanfaustoetako pregoilaria. Zelan hartu duzu albistea? Ez nuen itxaroten eta pozik nago. Hasieran duda egin nuen, baina nitaz gogoratu izana polita da. Zelakoa izango da pregoia? Ez da luzea izango, jendea jaiei ekiteko gogotsu egongo da-eta. Noiz hasi zinen dantzari? Zazpi urtegaz egin nuen lehenengo aurreskua jendaurrean. Orain 50 urte dauzkat; harrezkero joan dira urte batzuk. Urteak joan dira, bai, baina oraindio bazabiltza. Gustatu egiten zaizkit euskal dantzak, eta pozik ibiltzen naiz. Pena emango lidake uzteak, baina, egia esanda, apurka-apurka, hasi gara apurtxo bat gutxiago ibiltzen. Dena dela, ahal dudan artean, hobeto ala txartoago, dantzan jarraitzea gurako nuke. Dantza aitzakia hartuta, hainbat herri ezagutu duzu. Gehienbat dantza taldeekin ibili naiz. Tronperrigaz ez hainbeste, oso gaztea nintzelako, baina Kriskitinekin dezente mugitu gara; Iparraldean, esaterako. Aurreskuagaz, batez ere, Bizkaian eta Gipuzkoan ibili naiz; Araban ere bai, baina gutxiago. Kataluniara eta Aragoira ere joan izan naiz. Erromara ere bai. Balendin Berrio-Otxoaren kanonizazioa izan zenean joan nintzen. Egun mugituak izan ziren; hotelean taxia hartu eta alde batetik bestera ibili nintzen, orain aurreskua hemen, ondoren han… Noiz jarduten duzu gusturen dantzan? Gehien gustatzen zaidana taldean Ezpatadantza egitea da. Jende gehiagogaz ibiltzen zara dantzan, eta besteekin parekatzen saiatzen zara. Baina, duda barik, aurreskua da gehien egin dudana. Artopiletan ere arituko zara? Baietz suposatzen dut. Pregoilariak udal arduradunekin egon behar duela eta abar esan da, baina suposatzen dut ariko naizela. Gainera, Kriskitin dantza taldeagaz ere konprometitu naiz, baten bat falta zaiela-eta, Platillu soinua dantzatzen. Zelakoa da dantzaren egoera Durangaldean? Neskak badabiltza, baina mutilak gutxi. Ez da oraingo kontua, betiko istorioa da. Kriskitin itzelezko lana egiten dabil, ikastaroak antolatzen eta gaztetxoak trebatzen. Neu ere zortzi urte dauzkaten sei laguneko talde bategaz nabil, baina seigaz ezin duzu taldea sortu. Beharbada ohar bat bidaliko dugu ikastetxeetara gazteak gonbidatuz eta ea talde bat sortzeko moduan gauden.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!