Bihar jaurtiko dute txupinazoa, baina jai-giroa gaurtik igarriko da kale, taberna eta Txosnagunean. EGITARAUA
Bihar jaurtiko dute txupinazoa, baina jai-giroa gaurtik igarriko da kale, taberna eta Txosnagunean.
Egitarau zabala antolatu dute aurten Durangoko jaietarako. Txupinazoa urriaren 9an eguerdiko 13:00etan jaurtiko dute, Udaletxeko balkoitik, eta aurten Jon Sarobe dantzariak irakurriko du pregoia. Jaietako ekitaldiak martxan jarrita, urriaren 17ra arte ondo pasatzeko aukera ugari izango dira.
San Fausto egunez, urriaren 13an, ohorezko aurreskua dantzatuko diete udal ordezkariei, eta jende ugari biltzen duen Artopilen banaketa egingo dute ostean, Udaletxeko plazan. Ondoren, Kriskitin dantza taldeak berreskuratu duen Platilo soinua eta Larrain dantza dantzatuko dute.
Nobedadeen artean, urriaren 9an, urriaren 12an eta urriaren 16an, gaueko 21:00etan, Durangon zegoen tradizio bat berreskuratuz, suzko zezenak irtengo du Ezkurditik.
Zezenak dira ekimena, berriz, Santa Ana plazara bueltatuko da aurten, indusketa lanak amaitu dituztelako. Lege aldaketagaz, 16 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu ahalko dute sokamuturran, eta ez 14 urtetik gorakoek, iaz arte legez.
Txosnaguneak ere hainbat ekitaldi prestatu ditu Durangoko jaietarako. Txupinazoa gaur jaurtiko dute Zapaburu gazte konpartsako kideek. Besteak beste, kontzertuak eta lehiaketak antolatuko dituzte Pinondon atondu duten gunean.
Azken orduko aldaketak
Durangoko Udalak egitarauan izan diren azken orduko aldaketa batzuk jakinarazi ditu.
- Urriaren 9an, motor eta kotxe klasikoen erakusketa ez da San Anan izango, Landako Gunean baizik.
- Urriaren 10ean, 19:30ean, Gazte Diskojaia Fer&Angirekin ez da Ezkurdin izango, Landako Gunean baino. Bestalde, 20:00etan, euria egiten badu, Trapu Zaharrak-en \'Camping Remove\' antzezlana Andra Marian egingo dute.
- Bizikleta jaia urriaren 17an barik, urriaren 11n egingo dute, astelehenean (Fray Juan de Zumarraga kalean, 10:00etatik aurrera).