Jose Alberto Arrate: "Antenak arautzeko ordenantzak landu beharko lituzkete Udalek"

Anboto 2010ko urr. 8a, 09:00

Kutsadura elektromagnetikoaren eta antenen inguruko legediari buruz egin zuten mahai-inguruan parte hartu zuen Jose Alberto Arrate abokatuak.

Telefono mugikorrentzako estaldura ematen diguten antenek gure osasunean eragin ditzaketen kalteen inguruko foroa antolatu zuten irailaren 30ean, Durangoko Agenda 21en barruan. Kutsadura elektromagnetikoaren eta antenen inguruko legediari buruz egin zuten mahai-inguruan parte hartu zuen Jose Alberto Arrate abokatuak. [imgd]http://www.anboto.org/images/8200/8245/1.jpg[/imgd] Zelan hasi zinen gai honetan sakontzen? Orain 12-13 urte bezero bat etorri zitzaidan gai honegaz: bere etxeko teilatuan antena bat ipini gura zuten, eta horren kontra zegoen bera. Berrogeitik gora auzokide ziren, eta azkeneko pisuan bizi zen bera; erradiazioa oso gertu zeukan. Horrela hasi ginen borroka horretan, kasua irabazi egin genuen, eta hortik aurrera beste hainbat auzitan jardun dugu. Gaur egun igartzen da eremu elektromagnetikoen gaiaren inguruko ardura jendeagan. Zer kalte eragiten dezakete gure osasunean? Ikerlariek urteak daramatzate gaiaren inguruan beharrean, eta ikerketen emaitzak oso argiak dira. Telefonia antenak orain hamabost bat urte hasi ziren ipintzen, baina ehunka daude gaur egun. Jende asko buruko minez izaten da kexu, baina, horrez gainera, ondorio biologikoak ere sortu ditzake kutsadura elektromagnetikoak. Zelula kaltegarriak arinago ugaltzen direla entzuten da... Oso inportantea da hori; urteetan garatzen jardun duten BioIniciative izeneko programaren ondorioetako bat zelula kaltegarriak uhin horien eraginez arinago ugaltzen direla da. Antenez bakarrik ez, wi-fi sistemak antzeko kasuak dira? Antzekoak dira, bai. Azken batean guztiek jariatzen dituzte uhin elektromagnetikoak. Kutsaduraren jatorria bat ala bestea izan, erradiazioak dira; mikrouhinak, antena batek, mugikorrak edo wi-fiak sortuak izanik ere, denak dira erradiazio ez-ionizanteak. Gainera. wi-fia oraindik hazkundean dauden umeak dauden lekuetan egoten da sarritan, eta euren organuak oraindio oso delikatuak dira. Ikerketa askok gomendatzen dute kontuz ibiltzea. Zuk zeuk, ez duzu telefono mugikorrik erabiltzen orain. Ez, lehen asko erabiltzen nuen, baina hainbeste ikerketa, minbizi eta abar ezagutu ondoren, mugikorrik barik konpontzen naiz. Zer da kaltegarria, telefonoz berba egitea bera, aldamenean edukitzea, piztuta egotea...? Mugikorrak kobertura txikia badauka buruagaz egiten du antenaren funtzioa, eta hortik sortzen du erradiazioa. Esaten dutenez, mugikorragaz hamar minutuz berba eginda buruan daukagun barrera hematoenzefalikoa iragaten da. Bestalde, jende askok poltsikoan edukitzen du gordeta, eta inguruko organuetara pasatzen dira erradiazioak. Pentsa, horma bat igarotzen badute, gorputzean ere sartzen dira erradiazioak. Mugikorra asko erabiltzen badugu, asko pasatzen dira. Durangaldean ezagutzen duzu kasuren bat? Bai, Durangon bertan Ezkurdi ondoan antena asko daude, eta inguruan bizi den jendea oso kezkatuta dago. Traña-Matienan ere polemika handia egon zen antenak etxeen ondoan ipini zituztenean: auzi bat egon da bertan, eta auzotarrek irabazi zuten. Uste dut badagoela gaiarekiko kezka Durangaldean. Auzokide batek salaketa ipinita, aukera handiak ditu irabazteko? Hainbat sententziatan oso argi geratu da kasu askotan ez dela behar den adostasunik egon antena bat ipintzeko. Beste kasu batzuetan gaitzagoa da, ez dagoelako arautegirik, edo Estatuko arautegi orokorrak erradiazio handia baimentzen duelako. Legeak behar beste muga ipintzen du, esaterako, kilometro karratuko antena kopurua zehazteko? Oso une garrantzitsua da bizi duguna. Indarrean dagoen arautegia oso zahar eta permisiboa da, eta operadoreei askatasun handia ematen die. Europako Parlamentuan eta beste instantzia batzuetan, baina -Gaztela Mantxan, esaterako-, lege zorrotzagoak sortzen hasi dira, herritarrak gehiago babesteko. Gehiegizko erradiazio mailak zelan zehaztu aldatzen du legediak, eta borroka nagusia da permisibitate horregaz amaitu eta ahalbideturiko emisioen kopurua jaistea. Uda aurretik Eusko Legebiltzarrean egon zinen, aditu legez, galderak egin eta erantzuteko. Politikariak interesatuta daude? Orain hilabete bi egon nintzen Legebiltzarrean, eta interes handia zegoen. Kontu da Euskal Herrian ez daukagula geure legerik, eta inportantea litzatekeela lege garantista bat. Udalek zer egin dezakete antenen auzian, zer dago udalen esku? Dena dago euren eskuetan, eta oso gai garrantzitsua da. Antenak, baimenik barik eta edozein modutan hasi ziren ipintzen Estatuan: eskoletako patioetan, plazetan eta abar. Jendea bere kexak aurkeztera udaletara joaten zen, eta zenbait udaletan -Andaluzia eta Levanten, esaterako-, ordenantza garantistak hasi ziren indarrean ipintzen. Erradiazio kopuru legezkoak eta distantzia minimoak zehazten zituzten ordenantza horietan. Hamar-hamabi urteko auzi batzuek Auzitegi Gorenean amaitu dute orain, eta auzitegiak agindu du potentzia jaitsi eta distantzia mugak zehazten dituen ordenantzak eratzeko beharra. Zenbat antena daude mugan? Lege estatalak 450ean ipintzen du muga, eta ordenantza garantistak 0,1ean: asko da lau mila eta bostehun aldiz txikiagoa izatea. Konpainiek, udalek hori zehazteko eskumenik ez daukatela esaten zuten, eta borroka latza eduki dugu horregatik. Horri buruz hiru sententzi kaleratu ditu Auzitegi Gorenak, eta bertan adierazten du baietz, udalek badutela muga horiek ezartzeko eskumenik. Antenak ezartzeko lizentziak eskuratzeko, beraz, aipatutako muga horiek bete behar dituzte konpainiek? Bai, eta baldintza horiek guztiak ordenantzan egongo dira jasota. Estatuan 30.000 antena daude, eta horietariko %60k ez dauka lizentziarik: udal horiek ez dakite batzuetan ez non dauden, ez zein erradiazio botatzen duten... Diru asko mugitzen duen kontua da antenena: 6.000 euroko irabazi garbia ematen du bakoitzak egunean. Hori 30.000gatik biderkatzen badugu, pentsatu... Irtenbidea da, udalek jakin dezatela euren lurretan zenbat antena dauden, non dauden kokatuta, eta gutxinaka, datu epidemiologikoak batzen joatea; hau da, lo egiteko zailtasunak dituen jendearen kexak dauden, zer minbizia kasu dauden... Herritarrak babestuta egotea. Interesa badago, uste duzu izan litekeela Durangoko Udalean antena mugikorren inguruko halako ordenantza bat osatzea...? Oso inportantea litzateke, foro hau antolatu den legez, udala ordenantza prestatzeaz kontzientziatzen hastea.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!