Tokiko Agenda XXIaren barruan egindako ekintzak eta horien ondorio jasotzen dituen txostena eskuragarri dago udal erakundeetan.
Tokiko Agenda XXIaren barruan egindako ekintzak eta horien ondorio jasotzen dituen txostena eskuragarri dago udal erakundeetan.
Tokiko Agenda XXIaren barruan orain arte egindako lanen laburpena eta balorazioa jasotzen duen txostena aurkeztu du asteon Durangoko Udalak. 2011an amaituko den planak zehazten dituen ekintzen %90 martxan dagoela azpimarratu dute udal arduradunek eta dagoeneko hasi omen dira hurrengo lau urteetarako plana osatzeko prozesu parte hartzailea eratzen.
Aurkeztutako txostena irakurterraza ei da eta helburu bi ditu; orain arte egindako lana jakinaraztea eta herritarrei Tokiko Agenda XXIean parte hartzeko gonbita luzatzea, Aitziber Irigoras Durangoko alkatearen esanetan.
Planak hiru eremuri eragiten die: ingurugiroari gehienbat eta baita arlo sozialari eta ekonomikoari ere. Azpimarratu dutenez, denbora gutxian ikaragarri hobetu da airearen kalitatea. Ingurugiroari dagokionez, urtean zehar airearen kalitatea txarra den egun kopurua %98an jaitsi da eta kutsadura maila %50ean.
Arlo sozialean dagoeneko martxan dauden inmigrazio eta eta berdintasun planak azpimarratu dituzte. Horrez gainera, eguneko zentroetan hirugarren adinekoek duten plaza kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko kopurua bibidertu egiten duela aipatu dute.
Irisgarritasunaren arloan, Durangoko zebrabiden %100 indarrean dauden araudietara egokituta egongo da aurtengo urtearen amaierarako. Hiru urtean miloi eta erdi euro inbertitu dituzte irisgarritasunean. Azkenik, bidegorrien sareak izandako hazkunde nabarmena azpimarratu dute; orain urte gutxi 600 metro zeuden, gaur egun 10 kilometro daude eta bost urteren buruan bidegorrien sarea 18 kilometrora helduko da.
Txostena udal erakundeetan eskuragarri dago eta doakoa da.