PSE-EEk aukertutako mozioa aho batez onartu zuten alderdi guztiek.
PSE-EEk aukertutako mozioa aho batez onartu zuten alderdi guztiek.
Atzo (irailak 28) arratsaldeko udalbatzarrean PSE-EEk GR-Mikeldi izenagaz ezagutzen den mendi ibilbide luzearen urteroko mantenua Bizkaiko Foru Aldundiagaz adostea eskatzen duen mozioa aurkeztu zuen. Alderdi guztiek alde bozkatu eta aho batez onartu zen.
Pilar Rios zinegotzi sozialistaren esanetan, \"ibilbidea Europako mendi bide sarean homologatuta dago eta, gaur egun, Durangaldea eta Amorebieta-Etxano inguratzen dituen GR-Mikeldi ibilbidea landarediaren azpian geratzeko arriskuan dago\". Durangoko Alpino-Tabira mendizale taldeak ere \"sarritan adierazi du ibilbidea egoera txarrean dagoela\". Horregatik, Aldundiari ibilbide horren mantenua zehaztuko duen urteroko agenda bat adosteko eskatun zioten. Agenda hori ibilbideak zeharkatzen dituen udaletxeekin, Alpino-Tabira mendizale taldeagaz, eta Euskadiko Mendi Federazioarekin elkarlanean adostuko litzateke.
EAJren berbetan \"arazoa konpontzeko lanean gabiltza\": \"Ekainean Urkiola Landa Garapenetik garbiketarako aurrekontu bat helearazi ziguten eta ez genuen onartu herri bakoitzak ordaindu beharrekoa biztanle kopuruaren arabera zehaztu zutelako eta irizpide horregaz ez gaude ados. Bizkaiko eta Euskadiko mendi federazioek ere banaketa ez zela justua esan zuten\".
Aralarren ustez, ibilbidearen egoera kaskarra batez ere \"Aldundiaren nekazal arloak ardura hori hartu ez\" izanaren ondorioa da; beste maila batean baita \"udaletxeen arteko koordinazio falta\" ere. Agenda adostu behar dutenen mahaiara Durangaldeko mendizale talde guztiak sartzeko (Zaldua, Erdella…) eta zonalde kaltetuen zerrendara AHTaren lanek eragindako Durango-Izurtza tramua ere gehitzeko eskatu zuten.
Talde Mistoa ados agertu zen Aralarregaz azken puntu bietan eta mendizale taldeetan sortu berri den Iurretako Zaldai kontuan hartzeko eskatu zuen. Urtean urteko mantenua herriekin batera adosteko ere eskatu zuten.
PPk ere ibilbidea berpiztearen garrantzia azpimarratu zuen Durangaldetik ez ezik kanpotik ere jende asko etortzen delako.
GR-Mikeldi ibilbidea Aldundiaren eskumena da. Ibilbideak bost tramu eta 84 kilometro ditu. Durango, Atxondo, Mañaria, Abadiño, Berriz, Garai, Mallabia, Iurreta eta Amorebieta-Etxanotik pasatzen da.