Sasoi batean Odi Bakar enpresa zegoen ingurunean Errotaritxuena izena hartu duen auzunea inauguratu dute gaur. Felix Arkarazo aktoreak gidatutako aurkezpen ekitaldira batu dira, besteak beste, Durangoko udal alderdietako zinegotziak, Juanjo Novella eskultorea eta Jose Luis Lizundia auzuneari izena ipini dion euskaltzaina. Durangoko Orfeoiak ere hainbat abesti eskaini ditu.
Dagoeneko eginda dauden 85 etxebizitzen eskriturak \"astelehenean bertan\" sinatzen hasiko direla azaldu du konpentsazio-batzordeko ordezkari Joseba Cedrunek. Alde guztiek erakutsi duten \"borondate ona\" ere azpimarratu du. Urrian, ondoan dauden beste lurzati bitan 90 etxebizitza libre eta 58 babes ofizialeko egiten hasiko da, hurrenez hurren, Sukia enpresa. Lan horiek egiteko exekuzio epea urte bi eta erdikoa da.
Jose Luis Lizundiak auzunearen izenari buruz azaldu duenez, \"inguru honetan Errotaritxuena izeneko baserri bat egon zen, eta izen hori berreskuratu dugu\".
Etxebizitzen ondoan Juanjo Novellaren eskultura ipini dute. Orain hamar urte hartu zuen joerari jarraituz lan \"transparentea\" osatu du, baina era berean \"besteekiko ezberdina da, neurrira egindako trajea lakoa\". Iaz Abudabin -Arabiar Emirerri Batuak- antzeko eskultura bat aurkeztu zuen, \'Durango\' izenekoa. Honako honi \'Ognarud\' izena ipini dio -Durango alderantziz irakurrita- eskultura bien arteko ispilu efektua lortu guran.
Aralar alderdiak, idatzi batean adierazi duenez, Durangon 1.200 lagunek izena emanda du Etxebiden eta horrek \"behar larria dagoela erakusten du\". Diotenez,\"58 etxebizitza publiko eraikitzea albiste ona da, baina eskubide hori bermatzeko erronka etxebizitza publikoak alokatzea da\".
PSE-EEk ere
idatzi baten bidez jakinarazi duenez etxebizitza sozialena oraindik \"gainditu gabeko irakasgaia da gobernu taldearantzat bost urtean 70 bakarrik eraiki direlako\".