San Fausto jaiak abiapuntu moduan hartuta, jendea lokaletatik atera eta kaleak gaztetzeko helburua dute urte osoan antolatuko dituzten ekimenen bidez.
Joan zen zapatuan Durangoko Zapaburu gazte konpartsa aurkeztu zuten Santa Anako plazan. San Fausto jaiak abiapuntu moduan hartuta, jendea lokaletatik atera eta kaleak gaztetzeko helburua dute urte osoan antolatuko dituzten ekimenen bidez. Orain dagoen aisialdirako aukerekin korforme ez eta ideia eta proposamen berriak plazaratzea ere gura dute.
Hainbat hilabete joan dira lehenengoz batzen hasi zirenetik. Aisialdirako gaur egun dagoen eskaintza ez da nahikoa euren ustez eta \"geure alternatiba propioak eraikitzeko ordua zela iruditzen zitzaigun\", azaldu du Asier Bilbao konpartsako kideak.
San Fausto jaiak abiapuntu moduan hartu eta hainbat ekimen prestatu dituzte : \"Kalean, gaztetxean eta gazteonak diren beste hainbat esparrutan ere arituko gara\". Esaterako, beraiek jaurtiko dute aurten txosnetako txupinazoa. Hurrengo egunean ospatuko duten Gazte Eguneko ekitaldiak ere antolatuko dituzte. Azoka Ekologikoa izaten den egunean ere, umeentzako jolasak prestatuko dituzte. Horrez gainera, erreka jaitsieran parte hartuko dute eta txosnagunean karpa bat ipiniko dute konpartsaren gaineko informazioa jakinarazteko.
Oraingoz 17 eta 25 urte arteko 60 bat lagun batu izan dira eta asmoa apurka kopuru hori handitzea da. Izan ere, \"hasieran uste genuen kontrara, konpartsara batu diren gazteak konpromiso handia eta lanerako gogo bizia erakutsi dute\".
Ekimenak urte osoan zehar
Asmoa urte osoan zehar ekimenak antolatzea da: Gabonetan, inauterietan, Liburu eta Disko Azokan… Euren mugimenduen eta ekitaldien berri emateko webgune bat ere sortu berri dute: www.zapaburu.net.