2010eko Sanfaustoak, prest

Anboto 2010ko ira. 16a, 16:37

Gaur egin dute jai egitarauaren aurkezpena Jai batzordekoek. Jon Sarobe dantzariak irakurriko du pregoia.

Gaur egin dute jai egitarauaren aurkezpena Jai batzordekoek. Jon Sarobe dantzariak irakurriko du pregoia. Aurrekontuak doitu behar izan dituzten arren, ekitaldiz betetako datoz urriaren 9an hasi eta 17an amaituko diren Sanfaustoak. Iaz 332.600 euroko aurrekontua izan zuten; aurten 308.200 eurokoa. Aurten Jon Sarobe dantzariak irakurriko du jaiei hasiera emango dien pregoia. 17 urtegaz hasi zen dantzan, eta Durangoko hainbat taldetan ibili da, 30 urte baino gehiagoan. Sanfaustoetan, ohiko ekitaldi jendetsuez gainera -artopilak, esaterako-, nobedadeak ere badaude; ludoteka kalera aterako dute eta hainbat tailer egingo dituzte; lehenengoz Andra Marian, Durangoko taldeen kontzertuak egongo dira. Gazteei begira, Gazte Diskojaia antolatu dute 11-15 urtekoentzat. Gainera, ohitura bat berreskuratuko dute: suzko zezena egongo da hiru egunetan ezkurdin, 21:00etatik aurrera. Kontzertuei dagokionez, Violadores del Verso taldea etorriko da urriaren 15ean. Urriaren 9an Surfin Kaos, Eraso eta Lor ariko dira, eta 16an Doctor Deseo. Abba taldean oinarritutako taldeak ere joko du 16an. Indusketa lanak amaitu dituztenez, \'Zezenak dira\' ekimena berriro Santa Anara bueltatuko da. Legea aldatu dutenez, 16 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu dezakete sokamuturrean eta ez 14 urtetik gorakoek iaz arte legez. Amaitzeko, txosnak Pinondon egokituko dituzte aurten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!