Artekaletik barrena Santa Anako arkua ageri den kartel koloretsua lanak aurkezteko epea amaitzen zen aurreko gauean egin zuen.
Xabier Leguiña zornotzarrak irabazi du San Fausto jaietarako kartel lehiaketa. Artekaletik barrena Santa Anako arkua ageri den kartel koloretsua \"lanak aurkezteko epea amaitzen zen aurreko gauean egin nuen\".
Guztira 23 karatel aurkeztu zituzten lehiaketara. Epaimahaiak bost aukeratu eta webgunean ipini zituen herritarrei bozka emateko aukera emanez. Aste bian emandako 7.820 botoetatik Xabier Leginarenak jaso zituen gehien. zornotzarrak kartel bi aurkeztu zituen eta bestea ere finalerako aukeratu zuten eta hirugarren geratu da. 1996an ere bere kartel batek iragarri zituen sanfaustoak.
Aurten lanak aurkezteko epea aurreratu dutenez, horretaz azken unean ohartu eta \"aurreko eguneko gau osoa eman nuen buruan dagoeneko banerabilen ideia osatzen\", azaldu du. Jaiak iragartzen dituen kartel bat \"lehen begiratuan ikusi behar dela\" deritzo, \"beste kartelen ondoan ipinita ere harreta deitu behar du\". Horretatik, \"kartel koloretsua eta mezu garbia duena egiten saiatu naiz\".
Kartelean Santa Anako arkua ageri da, Artekaletik ikusita. Kalean, han hemenka, bigantxari ihesian dabiltzan lagunak ageri dira, sokamuturrari erreferentzia eginez. \"Iazko jaietan, eguna argitu aurretxoan, kartelak islatzen duen inguruan segitu nuen sokamuturra eta jende askok parte hartzen duen ekitaldia iruditzen zitzaidan\". Horrela, aseguruak eta segurtasun neurriak gero eta lotuagoak diren sasoi honetan \"neure babesa eman nahi nion ekimenari\".
Herritarren parte hartzea
Kartel irabazlea herritarren bozkaren esku uztearen kontra agertu da Zornotzarra: \"Sistema horrek ez duela funtzionatzen iruditzen zait. Internet bidezko bozka horiek, sarritan, gehiago dira lagunek lagunen kartelei emandako bozkak. Nik epaimahai profesional baten esku utziko nuke. Egia da ez duela sekula denen gustura euririk egiten, baina bide egokiagoa iruditzen zait\".
[img]http://www.anboto.org/images/8000/8079/1.jpg[/img]