Daniel Díaz (Argentina, Salta herria, 21 urte) martxoan fitxatu zuen Cafés Baquék. Harrezkero bost lasterketa irabazi ditu, eta talde profesional bik bera fitxatzeko interesa agertu dute. Denbora gutxian bizi izan duen aldaketari buruz jardun dugu.
Daniel Díaz (Argentina, Salta herria, 21 urte) martxoan fitxatu zuen Cafés Baquék. Harrezkero bost lasterketa irabazi ditu, eta talde profesional bik bera fitxatzeko interesa agertu dute. Denbora gutxian bizi izan duen aldaketari buruz jardun dugu.Azaldu egiguzu Argentinan izandako txirrindularitza bilbidea.
Han lasterketak gehienetan 23 urtez azpikoek eta elitekoek batera korritzen dute. Lehenengo urtean neure kontura ibili nintzen. Ondoren, Boliviako eta Argentinako talde banatan korrritu nuen; azken horregaz Doble Bragadoko Itzulia irabazi nuen, nahiko itzuli garrantzitsua Argentinan.
[imgd]http://www.anboto.org/images/8000/8056/1.jpg[/imgd] Zelan fitxatu zintuen Cafés Baqué taldeak?
Argentinako selekzioko hautatzaileari hona etortzea gustatuko zitzaidala aitatu nion. Honek Unai Erentxunekin berba egin zuen, eta hark Ruben Gorospegaz. Aukera eman zidaten eta martxoan etorri nintzen.
Harrezkero, Euskaldun Torneoan bost lasterketa irabazi dituzu. Itxaroten zenuen?
Ez nuen espero. Kontua da iazko urrian dagoeneko banekiela hona etorriko nintzela, beraz, hemengo denboraldiari begira egin nuen prestaketa. Urtarrilean eta otsailean hainbat lasterketa egin nituen entrenamendu moduan. Ondo egiteko grinaz etorri nintzelako, ilusioz nengoelako, edo ez dakit zergatik, hainbat lasterketa irabazi ditut.
Zelan egokitu zara taldera?
Ruben (Gorospe) oso ondo portatu da nigaz. Eroso sentitu naiz lehenengo egunetik, eta ez dute presarik izan nigaz. Taldekideak, ere niretzat lan egin behar izan dutenean, beti ondoan izan ditut, eta esker oneko nago.
Alde handia dago Argentinako eta Euskal Herriko txirrindularitzaren artean?
Argentinan Buenos Aires eta Córdoba inguruetan dago mailarik handiena, eta inguru haiek oso lauak dira. Beraz, lasterketak haizeak edo sprintak erabakitzen ditu. Hemen, aldiz, ez dago lasterketarik gutxienez mendate edo aldapa gogor bat ez duenik. Desberdina da. Ni, zorionez, Bolivian eta Kolonbian ere ibilitakoa naiz, eta han badaude mendateak.
Azken aldian gaixorik egon zara eta ezin izan duzu lasterketa batzuetan parte hartu.
Joan zen astean Trittico Lombardo lasterketa korritu nuen, eta han ez nintzen guztiz ondo sentitu. Bost lasterketa gogor izan ziren, eta hona bueltatzean gaixotu nintzen. Ondorioz, joan zen asteburu osoan ezin izan nuen korritu.
Barikuan bueltatuko zara.
Gogorik handienagaz bueltatuko naiz Lekeition. Euskaldun Torneoa amaitzeko sei lasterketa falta dira eta denetan ezingo dut parte hartu, baina noanetan topera ibiliko naiz.
Denetan ezingo duzu parte hartu, Mundialera zoazelako.
Hori da. Irailaren 24an Australiara joango naiz Argentinako selekzioagaz, 23 urtez azpikoan parte hartzeko. Lasterketa urriaren hasieran izango da. Zirkuitu laua da, baditu aldapa pare bat baina ez alde handirik markatzeko modukoak. Belgika eta Alemaniako selekzioentzat ibilbide aproposa da, arinak dira-eta.
Cafés Baquén abadiñar gazte bat ere badabil, eta aurten Bizkaiko txapeldun izan da, gainera: Borja Abasolo.
Hona heldu eta lehenengo ezagutu nuen taldekidea izan zen. Beragaz egin nuen lehenemgo entrenamendua. Txirrindulari moduan asko du emateko. Aspaldian aurrerapausuak eman ditu; nire iritziz, berak uste duena baino gehiago hobetu du. Beragan konfiantza apur bat gehiago bakarrik falta zaio lasterketa gehiago irabazteko.
Profesionaletan lehiatzeko eskaintzarik jaso duzu?
Bai, pro-tourreko talde birena. Abuztuan Joxean Fernandez Matxinek zuzentzen duen Footon-Servettogaz ibili nintzen, proba moduan; Getxoko lasterketa bat, Burgosko Itzulia eta Italiako klasiko bi korritu nituen. Oraingoz ez didate gehiago ezer zehaztu. Asteon, berriz, Eusebio Unzueren Moviestar taldea ere interesatu da. Moviestarrek merkatu handia du Argentinan, eta interesatzen zaio txirrindulari angentinar bat.
Footon-Serrvettoren eskaintza baztertu egin duzu?
Ez, ezta gutxiago ere. Gaur egun profesionaletara pasatzea gaitza da, eta interesa erakutsi duten talde biak oso inportanteak dira. Beraz, ez dut eskaintzarik baztertu gura.
Beraz, telefonoak noiz joko zain zaude?
Txirrindularitzan tokatzen dira honelako egoerak. Horretako daude ordezkariak. Nik entrenamenduetara eta denboraldia ahalik ondoen amaitzera bideratuko ditut nire ahaleginak.
Berehalako arrakasta honek bertigo apur bat sortzen du?
Apur bat, dena batera etorri delako, baina trena behin bakarrik pasatu daitekeela esan ohi da, eta profesionaletarako saltoa emateko aukerarik badago, aprobetxatu beharra dago.
Urte erdi daramazu Euskal Herrian. Zelan moldatu zara hemengo bizimodura?
Handik hona ekonomikoki alde handia dago. Krisia egonagatik, oro har, jendea Argentinan baino lasaiago bizi da. Han pobrezia handia dago. Bestalde, euskaldunok txirrindularitzarako afizioa handia duzuela ohartu naiz. Izaerari dagokionez, zeharka ezagutuz gero, hotzak zaretela ematen du, baina behin hartu-emana eginda, beti laguntzeko prest zaudete.