Igerilekuko taberna kudeatzeko akordioa, lana aurkitzeko trabak dituztenen lagungarri

Anboto 2010ko abu. 27a, 10:16

Igerileku berriko tabernaren urte birako kudeaketa Txukunberri enpresari uzteko hitzarmena sinatzea onartu zuten azken udalbatzarrean.

Igerileku berriko tabernaren urte birako kudeaketa Txukunberri enpresari uzteko hitzarmena sinatzea onartu zuten azken udalbatzarrean. PP alderdia bakarrik abstenitu zen, esleipena ez zelako lehiaketa publikoan ipini. Txukunberri Osoko Zerbitzua enpresak lan merkatura txertatzeko oztopoak dituztenei (55 urtetik gorako langabetuei, guraso bakarreko familia duten emakumeei…) enplegua aurkitzen laguntzea du helburu. Erakunde honek Zabaltzen-Sartu irabazi asmorik bako enpresa du atzean, eragile nagusi moduan. Txukunberrik, batez ere, ostalaritza eta garbiketa zerbitzuen arloa lantzen du, desabantailan dauden langabeei lanpostua bilatzen laguntzeko. Durangon martxan ipini duten proiektuan erakunde, elkarte eta eragile askoren laguntza jaso dute. Txukunberriren proiektuan parte hartzen dabiltzanak zerbitzu sozialetatik eratorriak dira; aurretiazko filtro horixe da baldintza bakarra. Behin lagun horiek batuta eta Durangoko ostalaritzako elkarteekin batzartu ondoren, ostalarien artetik \"sektore horretan lan egiteko kualifikazio bereziko lagunen gabezia jakinarazi ziguten\", azaldu du Txetxu Otero Txukunberriko gerenteak. Beraz, otsailean hasi eta maiatzera bitartean, alor horretako 300 orduko formazio ikastaroa eman zieten 15 bat laguni Behargintzan. Ondoren, merkatu normalizatura sartu aurretik, Jaurlaritzak agintzen duenez, langileek gutxienez hiru urtean egon behar dute enpresari lotuta, ikasitakoa praktikan ipini eta esperientzia batzen. Orduan sartzen da prozesuan Udalagaz sinatutako akordioa. Langileek igerileku berriko tabernan lan egingo dute -kontratuagaz eta profesionalen eskubide eta betebehar berberekin- beharrezko jakintza praktikoa bereganatzeko. Prozesuko azkeneko urratsa merkatu normalizatuan enplegua aurkitzea da. Zeregin horretan akordio konkreturik ez, baina, esaterako, + Dendak-en \"aldeko jarrera\" dute: \"Guk formazioa eta esperientzia daukaten langileak eskainiko ditugu\". Igerileku berriko taberna irailaren amaieran edo azaroaren hasieran zabaltzea itxaroten dute. Bitartean, udako hiru hileetan eta helburu beragaz, Tabirako igerilekuko tabernan dihardute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!