Txosnetan terrorismoa goratzeko debekua udal araudira gehitu dute

Anboto 2010ko abu. 26a, 11:11

Azken udalbatzarrean onartu zuten PSE-EE, PP eta EAJren botoekin. Aralarrek kontra bozkatu zuen eta Talde Mistoak udalbatzarra utzi eta ez zuen bozketan parte hartu.

2009ko irailean EUDEL eta Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak \"terrorismoaren gorazarrea egiten duten kartelak eta pintadak euskal udalerrietatik ezabatzeko protokoloa\" adostu zuten. Testuko atal batek txosnei ere egiten zien erreferentzia, eta, besteak beste, terrorismoa goratzen dutela deritzoten txosnei isunak jartzeko bidea irekitzen zuen. Azken udalbatzarrean testu hori txosnen gaineko ordenantzari gehitzea onartu zuten PSE-EE, PP eta EAJren botoekin. Aralarrek kontra bozkatu zuen eta Talde Mistoak udalbatzarra utzi eta ez zuen bozketan parte hartu. PSE-EEko zinegotzi Pilar Riosek onartutako testua \"minimoen akordioa\" zela esan zuen, eta EAJ kritikatu zuen sarritan \"jarrera anbiguoa\" erakusten duelako. Aitziber Irigoras alkatearen esanetan, \"EAJk etenik barik erakutsi izan du biktimekiko eta bakeagazko konpromisoa\". Oier Perez Talde Mistoko ziengotziaren esanetan, \"horrelako neurri errepresiboei ez diegu ezelako zilegitasunak ematen, ez datoz jendeak pentsatzen duenagaz bat, eta horregatik egin diogu uko bozketan parte hartzeari\". Aralarreko zinegotzi Dani Maezturen ustez, dagoeneko badago eremu hori arautzen duen legea, 2008an Parlamentuak onartutakoa. Beraz, orain hori udal mailara ekartzeari \"bazterrak nahasten\" ibiltzea deritzo. PPk ontzat jo zuen testua barneratzea, nahiz eta PSE-EEk azkeneko proposamen horren aurretik aurkeztutakoa beste bat \"osoagoa eta zehatzagoa\" begitantzen zitzaion.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!