Alde Zaharrean hondatuta dauden lurzoruak konponduko dituzte

Anboto 2010ko uzt. 9a, 15:26

Batetik, Goienkaleko harlauza grisak leunduko dituzte, gainetik ibiltzeko \"deserosoak\" direlako. Bestetik, Alde Zaharrean han-hemenka hondatuta dauden guneak konponduko dituzte; tartean Kurutziagako iturriaren ondoko gunea.

Batetik, Goienkaleko harlauza grisak leunduko dituzte, gainetik ibiltzeko \"deserosoak\" direlako. Bestetik, Alde Zaharrean han-hemenka hondatuta dauden guneak konponduko dituzte; tartean Kurutziagako iturriaren ondoko gunea. Aurrekontu orokorretako ohiko sarreren %5a alkate dekretu bidez erabili daiteke eta Aitziber Irigoras alkateak portzentaia horri dagozkion 1,6 milioi euroak zertara bideratuko dituzten azaldu du. Udalak ipiniko dituen 80.000 euroekin eta Eusko Jaurlaritzako Merkagune programatik jaso duten diru-laguntzarekin Alde Zaharreko zorua errekuperatuko dute. Batetik, Goienkaleko harlauza grisak (erlieberik handiena dutenak) leunduko dituzte: \"Peatonalizazio prozesuan Goienkalen burutu ziren lehenengo lanak. Gerora, gainerako kaleetan haralauza leunagoak erabili ziren\", azaldu du Irigorasek. Bestetik, Alde Zaharrean hondatuta dauden lurzoru guneak konponduko dituzte. Horien artean dago Kurutziagako iturri ondokoa, ibilgailu emariaren ondorioz hondatuta dagoena. Lanak laster hasiko dituztela adierazi du. Bestalde, sasoi bateko Azterlaneko eraikina (Maristak ikastetxearen ondoan) alkilatu du Udalak eta hara tokialdatuko dituzte Euskaltegia eta Berritzegune zerbitzua. Ondorioz, eraikinean egokitzapen lanak egingo dituzte. Lanak ezingo dituzte irailerako amaitu. Berritzegune zerbitzua San Faustoko sasoi bateko eskoletako eraikinean egon da orain arte. Eraikin hori aurten eraitsiko dute eta zentro zibiko bat egiten hasiko dira. Durangoko zonalde batzuk beste jabe batzuekin partekatzen ditu Udalak, eta zonalde horietan egin beharreko urbanizazio lanetan Udalari dagokion zatia (265.000 euro) osatzeko ere poltsa horretatik bideratuko dute dirua. Alkate dekretu bidez bideratuko dituzten beste 105.000 euro Larrinagatxun Udalaren jabetzako lurzoru bati eusten dion horma indartzeko erabiliko dituzte. Azkenik, 26.500 eurogaz eta Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko laguntzagaz, Zabalarra herri eskolako teilatua konponduko dute. 2009an hiru milioi euroko soberakina Aitziber Irigorasek adierazi duenez, 2009an 3,3 milioi euroko soberakina izan du Udalak. Alde batetik, Udaleko sail guztietan doiketak egin dituzte. Esaterako, goizaldeko ordu batzuetan kale batzuetako kaleko argien intentsitatea jaitsi dute: \"Ingurugiroagazko dugun erantzukizunetik hartutako erabakia izan da, baina dirua aurrezteko ere balio izan du\". Era berean, \"Udalkutxari bueltatu beharreko 3 milioi euroak 2011ra arte ez bueltatzeko akordioak ere lagundu du\". 2011tik aurrera hiru urteko epean bueltatuko diote diru hori Aldundiari.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!