Bidegorrietan laban ez egiteko pintura erabiltzeko eskatu du PSE-EEk

Anboto 2010ko uzt. 2a, 17:29

Horrez gainera, bideetako zebrabideak eta geziak (norabidea adierazten dutenak) soslaia bakarrik pintatuta uzteko eskatu zuten.

Horrez gainera, bideetako zebrabideak eta geziak (norabidea adierazten dutenak) soslaia bakarrik pintatuta uzteko eskatu zuten atzoko (uztailak 2) udalbatzarrean, \"hain labangarriak\" izan ez daitezen. Mozioa PSE-EE, PP eta Aralarren botoekin onartu zuten. Talde Mistoa abstenitu egin zen eta EAJk kontra bozkatu zuen. Idoia Agorria alderdi sozialistako zinegotziak adierazi zuenez, bizikleta eta motor arloko elkarteekin batu ondoren osatu zuten mozioa eta Sigi-Saga eta Mas Curvas elkarteen oniritzia du. Mozioak hiru eskaera ditu. Batetik, bidegorrietan laban ez egiteko pintura erabiltzeko eskatu dute. Bigarrenik, zoruan pintatutako seinaleei dagokionez, \"galtzadetan ez da arlo hori kontuan hartu\" eta bideetako geziak eta zebrabideak soslaia bakarrik pintatuta dutela uzteko eskatu dute, \"beti ere indarrean dauden arauak errespetatuz\". Azkenik, teknikariei erabakien berri emateko eskatzen du mozioak.

Aitziber Irigorasen erantzuna

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak gaur azaldu ditu berak ordezkatzen duen alderdiak mozioari ezezko botoa emateko arrazoiak. Bidegorrietan tratamendu bat emateari buruz zera esan du: \"Bidegorrietako pintura labankaden kontrakoa da dagoeneko eta PSE-EEk badaki hori garapen sostengarriaren komisioan aipatu izan delako\". Mozioko beste puntu batek seinaleztapenak jartzeko eskatzen du eta Irigorasek dio, \"seinaleztapen horiek ekainaren 28an\" hasi zirela ipintzen. Azkenik, gezien eta zebrabideen perimetroa bakarrik pintatuta uzteko eskaeraren gainean, duda egiten du proposamena \"indarrean dauden araudira egokitzen\" den: \"Hori arautzen duen dekretuak osorik pintatu behar direla dio, baina hala ere, kontsulta juridiko bat egin dugu eta erantzunaren zain gaude\". Beraz, PSE-EEren mozioa \"demagogikoa, populista eta elektoralista\" iruditzen zaio.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!