Atzoko (uztailak 2) udalbatzarrean Lehen mailako arreta zerbitzuen berrantolaketa bertan behera uzteko eskatzen duen mozioa aurkeztu zuen Aralarrek eta EAJ, PP eta Talde Mistoaren aldeko botoak jaso zituen. PSE-EEk kontra bozkatu zuen.
Atzo (uztailak 2) udalbatzarra egin zuten Durangon eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari lehen mailako arreta zerbitzuen berrantolaketa baztertzea eskatzen duen mozioa onartu zuten. Aralarrek aurzketutako mozioa, Aralarrez gainera, EAJ, PP eta Talde Mistoak babestu zuen eta PSE-EEk kontra bozkatu zuen.
Dani Maeztu Aralarreko zinegotziak salatu zuenez, berrantolaketak eskualdeari ere eragiten dio, Traña-Matienan zapatuetako zerbitzua kenduko dutelako eta Durangoko osasun zentroan pediatria arloko zerbitzua kenduko dutelako zapatuetan; ondorioz, ostiral arratsaldetik astelehen goizera ez da pediatria zerbitzurik egongo. Gabezia hori medikuei \"pediatria ikastaro arinak\" emanez konpondu gura dutela salatu zuen Dani Maeztuk eta erabiltzaileak ospitalerako pediatrengana jo dezaketela uste du, horregaz kaosa sortu daitekeelarik.
Horrez gainera eskualdeko langileen datuak eman zituen eta berrantolaketaren ondoren, mediku, erizain eta administrarien artean, eskualdean zortzi langile gutxiago egongo direla salatu zuen.
PSE-EEko zinegotzi Pilar Riosek berrantolaketa onerako izan dela esan eta langile bat bera ez dela kaleratua izan azpimarratu zuen.
Azkenik, Elorrio, Abadiño eta Atxondoko biztanleek zapatuetan Durangora joan behar dutenez, Talde Mistoko Oier Perezek gogoratu zuen osasun zerbitzu horreek \"oinarrizko eskubide bat\" direla eta ez \"luxu bat\".