Kurutziagako Kurutzea: historia, artea eta erlijioa

Anboto 2010ko eka. 21a, 14:00

Joan zen astean inauguratu zuten Kurutzesantu museoa. Asteburuetan bisitatu ahal izango da Kurutziagako Kurutzea protagonista duen erakusketa; Kurutze Santuaren Kofradiaren, ermitaren eta heretikoen berri ere ematen du. Monumentuaren informazioa eskuragarri dago, baina oraindik zenbait gauza argitzeko dago.

Joan zen astean inauguratu zuten Kurutzesantu museoa. Asteburuetan bisitatu ahal izango da Kurutziagako Kurutzea protagonista duen erakusketa; Kurutze Santuaren Kofradiaren, ermitaren eta heretikoen berri ere ematen du. Monumentuaren informazioa eskuragarri dago, baina oraindik zenbait gauza argitzeko dago. Durangon ospea eta garrantzia eduki arren, misterioz beteriko monumentua da Kurutziagako Kurutzea. Bere gaineko teoria eta iritziak badaude, baina ez dago sorrerako dataren, autorearen eta arrazoiaren inguruko datu ofizialik. Aditu eta ikerlari gehienen ustez, XVI. mendearen hasieran kokatzen da kurutzearen eraikuntza. Antza denez, Europa iparraldeko artista batek landu zuen obra. Bizkaiak hartu-eman komertziala ei zeukan Herbehereekin, eta, beraz, korronte artistikoek ere izango zuten eragina. Teoria horrek, baina, ez du autorearen izena ematen, ezta enkargua egin zuenarena ere. Nahiko argi dagoen kontua eskulturaren mezua da. Iritzi gehienek bat egiten dute pekatutik itxaropenerako eta barkamenerako istorioa kontatzen duela, erlijioagaz lotutakoa. Sinbolismoz beteriko lana da. Hala ere, nork agindu zuen kurutzea egitea eta zertarako? Hiru funtzio egotzi izan dizkiote adituek: uriko azaleraren amaiera markatzea, askatzailea gurtzea eta pekaturen bat ordaintzea. Azken argudio hau, konkretuki, XV. mendean Durangon izandako heresia eta ondorengo zigor prozesuan oinarritzen dute. Fray Alfonso de Mella eta beste fraide batzuek Izpiritu Santuaren Aro Berria iragarri zuten, legeak beharrezko ez zirela eta elizak eraldatu behar zuela esanez. Askatasun espiritualaren alde egin zuten, eta jarraitzaile asko izan zituzten. Inkisizioak 100 lagun inguru hil zituen, sorginkeria egotzita. Historian zehar, kurutzea beti egon izan da Kurutziaga ingurunean, Gerra Zibilean zehar izan ezik. Bonbardaketan fustea apurtu zioten, eta elementu garrantzitsuak batzen zituen Bilboko portuko biltegi batera eraman zuten 1938an. Eraso horretaz gainera, 1981ean ere Batallón Vasco-Español talde armatuak lehergailua ipini zuen kurutzean, konpondu ezineko kalteak eraginez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!