Yoko Out taldearen atmosferan

Anboto 2010ko eka. 18a, 10:12

Taldearen garai bat borobiltzeko kaleratutako diskoa da Yoko Out taldearen 'Poeta hiltzaileen hamarkada'. Musikagaz disfrutatzeko helburuagaz elkartzen dira zortzi taldekideok Mallabiena industriaguneko lokalean, eta bertan egon gara eurekin. Kontzertu gutxi eta bereziak emateko asmoa dutela diote; ekainaren 26an, Durangoko Tabirako jaietan joko dute.

 

Noiz eta zelan sortutakoa da Yoko Out taldea?

Hasiera batean, beste talde batzuetan genbiltzan lagun batzuk hasi ginen elkartzen. Lokal hau hartu genuen, eta gitarra akustikoekin-eta hasi ginen probatzen. Hiru-lau lagunen artean ekin genion doinu eta letrak sortzeari.

 

Eta zelan joan zen taldea handitzen? Zortzi zarete orain...

Lagun artean hasi ginen elkartzen, eta abestiak sortzen bagenbiltzala ikusita joan ginen taldekide berriak behar genituela ohartzen: bateria, baxua eta abar behar genituela... Horrela hasi ginen lagun musikariei parte hartu zezaten proposatzen.

 

Zenbat denbora da hemen elkartzen hasi zinetela, beraz?

Urte bi inguru da elkartzen hasi ginela; taldean sartzen azkena izan den Alain bateria-jotzailea etorri zenetik urte eta erdi da, gutxi gorabehera. Ordutik gabiltza zortziok: zazpi musikari eta musika instrumenturik jotzen ez duen arren, Jon Paul, zortzigarren taldekidea: bideo-sorkuntza, argazkiak eta abar egiten ditu.

 

Zuzenekoetan ere, musikaz gaiera, irudia lantzen duzue?

Elorrioko Ateneoan jo genuenean bai; proiekzioagaz uztartu genuen musika. Jon Paulek gure musikarako pentsatutako pelikula zaharren zatiak eta argazkiak joan ginen musikagaz zuzenean nahasten.

 

Eta entseguetan ere parte hartzen du taldeko bideo-sortzaileak?

Guztietara ezin izaten du etorri, baina ahal duen guztietan etortzen da. Taldeko partaide bat gehiago da bera: multimedia sortzailea.

 

Diskoa grabatzeko aukera zelan sortutakoa da?

Azken taldekidea, Alain, sartu eta gero grabatzea merezi zuten abestiak bagenituela konturatu ginen: Karlos Gomez teknikariari komentatu genion, eta asteburu batean egin genuen grabaketa.

 

Inguruko taldeetan oso ohikoak ez diren instrumentuak entzuten dira Yoko Outen.

Egia da, bai. Durangaldean asko entzuten ez diren instrumentuak ditugu taldean: pianoa, melodikoa eta aho-soinua, esate baterako. Alde horretatik bakarrik ez, filosofiari dagokionez ere bestelakoa da talde hau.

 

Zer berezitasun dauka taldearen filosofiak?

Beste taldeetan baino trankilago hartzen dugu: beste taldeekin alderatuta "ihesbide" moduko bat da. Sortzeko askatasun osoa daukagu taldekide guztiok. Alainek Alertagaz egiten duen metalagaz alderatuta, esaterako, oso desberdina da Yoko Out, eta berdin taldekideon beste taldeekin: Doctors Club, Little John, Sermond's... Desberdin bizi dugu talde bakoitza. Baina hemen denok daukagu lasaitasun sentsazioa.

 

Giro berezia izaten duzue astelehenetako entseguetan ere?

Gehienon astelehenetako txipa aldatzeko modu bat da iluntzetan hemen elkartzea. Askotan, gainera, jotzen hasi orduko berbetan egoten gara ordubete: batek ikusi duen pelikula, bestearen ez dakit zer kontu...

 

Zinemagazko duzuen zaletasunaren adibide dira kanta batzuetan sartu dituzuen pelikuletako audio korteak.

Nahiko freak edo melomanoak gara horretan. Elorrioko Ateneoan jo genuenean, esaterako, 24 Ordu Digitalean jaialdiaren sari banaketa zen, eta gu ere saiatu ginen film labur bat egiten: ez genuen epearen barruan amaitu. Jon Paul sartu zenetik, argiagoa da musika eta irudia elkartzeko helburu hori.

 

Zelan egiten duzue musika eta irudiak uztartzeko lan hori?

Abestiak entzun, eta berari bururatzen zaion pelikulagaz etortzen da Jon Paul lokalera: "Zati honetarako perfektua den pelikula topatu dut: kolore bat dauka...". Hasten da imajinatzen, gero jotzen dugun bitartean entsegu-lokalean joaten da irudiak proiektatzen. Izan daiteke polonierazko pelikula bat, 60ko hamarkadako film bat... Berak lotzen du irudia gure musikagaz.

 

Zelan hartu izan du publikoak zuzeneko berezi hori?

Jendeak harriduraz hartu zuen, ez zutelako inondik ere itxaroten, baina jendeari gustatu egin zitzaion. Lan handia du, dena dela, halako emanaldi batek: kontzertu asko egin barik, gutxi eta oso bereziki prestatuak gura ditugu egin. Urtean pare bat kontzertu emanda pozik geundeke.

 

Zelan sortzen dituzue kantak?

Beste talde batzuetan oso kontrolatuta egoten den prozesua guztiz naturala da hemen, baina, hala ere, ateratzen joan dira gauzak, eta aurrera goaz. Ez dugu sortzeko metodo zehatzik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!