Azken hileetan Durangoko artxibategi historiko osoa digitalizatzen jardun dute eta Aitziber Irigorasek jakinarazi duenez uztailean zehar ipiniko dute interneten kontsultatzeko moduan.
Liburutegi berri inauguratu zutenetik joan den estreinako urtearen balorazioa egin zuen atzo (ekainak 15) Aitziber Irigoras alkateak. Hemendik aurrera zerbitzua hobetzeko abiatuko dituzten proiektuen berri ere eman zuen. Horien artean dago Durangoko artxibategi historikoa interneten kontsultagai ipintzea (58.000 artxibo digital). Dagoeneko digitalizazio prozesua amaitzear dago eta \"uztailean zehar\" sarean ipiniko dutela adierazi du Irigorasek. 1550etik 1979ra arteko materiala ikusteko moduan ipiniko dute; Santa Ana eta Andra Mariako kontu liburuak guztiak kontsultatzeko aukera ere egongo da.
Liburutegiko zerbitzua hobetu nahian, maileguan hartutako liburuak norberak entregatzeko sistema bat ere ezarriko dute. Euskal Autonomia Erkidegoan mota horretako sistema abian ipiniko duten lehenengo herria izango da. Erabiltzaileak ordenagailu bidez -bestelako bitartekari barik- maileguak egiteko aukera eskaintzen ere lehenengotakoa izan zen; bigarrena hain zuzen, Arrasateren atzetik. Auditorioa eta musika audioteka hobetzea ere badaude aurtengo helburuen artean.
290.000 erabiltzaile
Liburutegiko lehenengo urteak \"oso datu positiboak\" utzi dituela adierazi zuen Irigorasek. 290.000 erabiltzaile izan ditu; 800 egunero, batez beste. Orain liburutegiak ia 47.000 materialeko fondoa (liburuak, DVDak, aldizkariak…) azaldu du iaz arte baino %12 gehiago.
Maileguei dagokionez, urtebetean 62.500 mailegu egin dituzte (%10 gehiago) eta maileguen %68a erabiltzaileek eurek egin dute, ordenagailu bidez. Libututegian garatutako ekintzen berri ere eman dute: umeentzako 68 ekintza (1.700 lagun) eta helduentzako 116 ekintza (2.000 lagun) egin dituzte. Hemendik aurrera ere modu horretako ekimenak antolatzen jarraituko dutela adierazi dute liburutegia \"inguru bizia izan dadin eta jendearen artean hartu-emanak sustatu daitezen\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!