Kurutzesantu museoa inauguratu zuten

Anboto 2010ko eka. 11a, 09:31

Barruko espazioan lau eremu tematiko atondu dituzte; nagusia Kurutziagako kurutzeak hartuko du eta bere historia ezagutzeko beharrezko materiala ere eskuragarri ipiniko dute.

Eguenean inauguratu zuten Kurutziaga kalean kokatuta dagoen Kurutzesantu Museoa. Barruko espazioan lau eremu tematiko atondu dituzte; nagusia Kurutziagako kurutzeak hartuko du eta bere historia ezagutzeko beharrezko materiala ere eskuragarri ipiniko dute. Bigarren txoko bat Kurutze Santuaren Kofradiari eskainita dago; hirugarrena museoa kokatuta dagoen ermitaren eta eraikinaren inguruko datu eta materialekin osatu dute; azkenik, laugarren eremuak Durangoko herejeen inguruko ezagutza zabaltzeko aukera ematen du. Eguen arratsaldean inauguratu zuten ofizialki hainbat ekitaldiren bidez. Jesus Mari González de Zarate EHUko arte katedradunak Kurutziagako Gurutzearen ikonografia liburua aurkeztu zuen. Horrez gainera, barikuan Durangon izandako herejeen inguruan gehiago jakiteko aukera eskaini zuen Iñaki Bazanek emandako hitzaldian. Domekan, Khantoria musika elkarteak XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako errepertorio barrokoa eskainiko du, 20:30ean, garai haietako instrumentuak eta interpretazio-teknikak erabiliz. Ander Berrojalbiz -biolin barrokoa- Maider López -biola barrokoa- eta Virginia Gonzalok -klabezina- osatutako hirukoteak jardungo du zuzenean.

Kurutzea protagonista

Kurutziagako kurutzea da museoak gorde eta zainduko duen piezarik baliotsuena. Horixe izango du bere etxe berri eta definitiboa hemendik aurrera. Barikuetan eta zapatuetan 18:30etik 20:30era bisitatu ahalko da, eta, domeketan 12:00etatik 14:00etara. 2008an, ohiko kokalekutik Jesuitak ikastetxearen aurrera aldatu zuten, baldintza klimatikoei aurre egiteko asmoz. Historian zehar kokaleku bat baino gehiago izan du. Adituen ustez, kurutzea XVI. mendekoa da eta harrezkero ia beti Kurutziaga auzunean egon da. Hala ere, kalean eragindako hainbat aldaketa tarteko, mugitu izan da behin baino gehiagotan. Esaterako, aldiren batean, horma baten kontra ere egon da. Gerra Zibilean, Durangoko bonbardaketaren ondorioz, fustea hautsi zitzaion. Ondorioz, 1938an Bilboko portuan almazen bat egokitu zuten berau gordetzeko eta elementu artistiko batzuk babesteko. Horixe izan da kurutzea Durangotik kanpora egon den aldi bakarra.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!