\'Kurutziagako Gurutzearen ikonografia - Iconografía de la Cruz de Kurutziaga\' liburuaren aurkezpenagaz ipiniko dute martxan.
\'Kurutziagako Gurutzearen ikonografia - Iconografía de la Cruz de Kurutziaga\' liburuaren aurkezpenagaz ipiniko dute martxan.
Barruko espazioan lau eremu tematiko atondu dituzte; nagusiena Kurutziagako gurutzeak hartuko du eta bere historia ezagutzeko beharrezko materiala ere eskuragarri ipiniko dute.
Bigarren txoko bat Vera Cruzeko Cofradiari eskainita dago; hirugarrena museoa kokatuta dagoen ermitaren eta eraikinaren inguruko datu eta materialekin osatu dute; azkenik, laugarren eremuak Durangoko herejeen inguruko ezagutza zabaltzeko aukera ematen du.
Gaur arratsaldean inauguratuko dute ofizialki asteburuan zeharreko hainbat ekitaldiren bidez. Jesus Mari González de Zarate EHUko arte katedradunak Kurutziagako Gurutzearen ikonografia liburua aurkeztuko du bertan, 19:30ean. Horrez gainera, Durangon izandako herejeen inguruan gehiago jakiteko aukera eskainiko du bihar Iñaki Bazanen hitzaldiak.
Domekan, Khantoria antzinako musika elkarteak XVI, XVII eta XVIII. mendeko errepertorio barrokoa eskainiko du, garai haietako instrumentuak eta interpretazio-teknikak erabiliz. Ander Berrojalbiz -biolin barrokoa- Maider López -biola barrokoa- eta Virginia Gonzalok -klabezina- osatutako hirukotea aritu zen zuzenean.
Gurutzea protagonista
Kurutziagako gurutzea da museoak gorde eta zainduko duen piezarik baliotsuena. Horixe izango du bere etxe berri eta definitiboa hemendik aurrera. Barikuetan eta zapatuetan 18:30etik 20:30era bisitatu ahalko da , eta, domeketan 12:00etatik 14:00etara. 2008an, bere ohiko kokalekutik Jesuitak ikastetxearen aurrera tokialdatu zuten, baldintza klimatokoei aurre egin asmoz.
Historian zehar gurutzeak kokaleku bat baino gehiago izan du. Adituen ustez, gurutzea XVI. mendekoa da eta harrezkero ia beti Kurutziaga auzunean egon da. Hala ere, kalean eragindako hainbat aldaketa tarteko, mugitu izan da behin baino gehiagotan. Esaterako, aldiren batean, horma baten kontra ere egon da. Gerra Zibilean, Durangoko bonbardaketaren ondorioz, fustea hautsi zitzaion. Ondorioz, 1938an Bilboko portuan almazen bat egokitu zuten berau gordetzeko eta elementu artistiko batzuk babesteko. Horixe izan da gurutzea Durangotik kanpora egon den aldi bakarra.
Hainbat teoria daude Kurutziagako gurutzearen jatorriaren inguruan
Durangaldeko kurutzerik ezagunena den arren, hainbat datu (jatorria, egilea…) ezezagunak zaizkigu oraindik edo adituek teoria bat baino gehiago proposatu dituzte.
Esaterako, ez dago guztiz argi kurutzea noiz egin zen. Hala ere, ia aditu guztiek XVI. mende hasieran kokatzen dute sorrera data. Egileari buruz izenik ez, baina datu batzuk badakizkigu. Europako iparraldekoa zela uste dute, Herbeheretakoa beharbada, eta Erdi Aroan komertzialki lotura izan zuen Bizkaiagaz.
Baina, zergatik sortu zuten gurutzea? Honi ere ezin diogu erantzun bakar eta definitiboa eman. Teorietako batek dioenez, norbaitek Durangoko hiribilduan egindako pekatu bat garbitu asmoz sortu zuen gurutzea. Bada sorreraren motiboa arlo jurisdikzionalean kokatzen duenik ere; Durangoko Hiribilduaren eta Merindadeen artean ipini zuten, mugarri baten antzera, hiribilduaren mugak noraino ailegatzen ziren jakinarazteko. Azkenengo teoria batek gurutzea askatzailearen gurtzarako sortu zela proposatzen du. XVI. mendean frankiskotarren ordena zabaltzen zihoan eta Durangon konbentu frantziskotar bat zegoen 1439az geroztik.
Motiboa bata edo bestea izan, gurutzean dagoen mezua bat da. Pekatutik, barkamen eta esperantzarako mezua zabaltzen du, fustean hasi -pekatua- eta gurutzaduran -salbazioa- amaitzen delarik.