Plan honen bidez herriko merkataritzaren egoera aztertu dute eta berau suspertzeko ekintza zehatzak jaso dituzte.
Atzo udalbatzarra izan zuten Durangon eta bertan Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia onartu zuten aho batez. Plan honen bidez herriko merkataritzaren egoera aztertu dute eta berau suspertzeko ekintza zehatzak jaso dituzte.
Plana zelan garatu zehazteko batzar bi egin dituztela eta planak jasotzen dituen ekintza denak era berean aurrera eramatea \"ezinezkoa\" dela aipatu zuen Irigorasek, \"5 milioi euroko inbertsioa eragingo lukeelako\". Horregatik, plana udabalbatzarrera ekarri dutela, baina aurrerantzean plana errealitatera eramateko lehentasunak finkatzen dituen plangintza bat gauzatu beharko dutela adierazi zuen.
Aralar alderdiko Dani Maeztuk gogoratu zuen berak ordezkatzen duen alderdiak eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutako mozioak ekarri duela berriro lehenengo planora Merkataritza Biziberritzeko Plana. Plana garatzearen eta zerbitzuen sektorea suspertzearen garrantzia azpimarratu zuen eta berau aurrera eramateko eta kontrolatzeko transbertsalitatearen aldeko aldarria egin zuen. Ildo horretatik, Planaren kudeaketa zehazteko batzarretan Hirigintza Batzordeko kide batek ere parte hartu beharko lukeela aipatu zuen.
PSE-EEko eta PPko zinegotzi Pilar Rios eta Juan Jose Gaztanazatorrek azpimarratu zutenez Plana oso baliagarria izango da Durango zerbitzuen sektoreari dagokionez zonaldeko erreferente bihurtzen saiatzeko. Horrez gainera, PSE-EEk Plana onartzeko denbora gehiegi joan dela salatu zuen, alderdi guztien partetik erabateko inplikazioa eskatuz.
Errotaritxuena auzunea
Bestalde, udalbatzar berean beste erabaki batzuk hartu zituzten. Sasoi batean Odi Bakar enpresa egon zen lur zatian etxebizitzak egiten dabiltza gaur egun eta eremu hari Errotaritxuena auzunea deitzea onartu zuten. PP izan zen kontra bozkatu zuen alderdi bakarra.
Era berean, Zirkulazio Ordenantza gaurkotu zuten. Alde batetik, Espainiako Gobernuak asteon indarrean ipinitako aldaketetara moldatu zuten eta, bestetik, Durangok hainbat bide gorri dituenez, berauek jaso eta oinezkoen, bizikleten eta autoen arteko lehentasunak zehaztu zituzten.
Alderdi Mistoak maiatzaren 25eko greba deialdiagaz bat egin eta ez zuen udalbatzarrean parte hartu.