Bidegorri hauen erabilerak sortu dituen arazo, jasotako kexa eta ekarpenekin, Udalak bizikleta zein patinetan dabiltzanen eta oinezkoen zirkulazioa arautzea beharrezkoa ikusi du.
Bidegorri hauen erabilerak sortu dituen arazo, jasotako kexa eta ekarpenekin, Udalak bizikleta zein patinetan dabiltzanen eta oinezkoen zirkulazioa arautzea beharrezkoa ikusi du. Igarotze lehentasunak eta bizikletarien gehienezko abiadurak ere arautu dituzte.
Bizikleta-ibilbideetako guneetan seinaleztapena ipiniko dute. Aitziber Irigoras alkateak jakinarazi duenez,\"Bizikleta-ibilbideak, bizikleta, patin, monopatin eta patineteek erabil dezakete\". Bestalde, \"erabilera anitzeko guneetan, alde zaharrean esaterako, lehentasunak zehaztu dira, bidegurutzeetan, oinezkoak beti du lehentasuna, gero, bizikleta, patin, patinete eta monopatinak eta azkenik, motordun ibilgailuak\".
Bizikletekin galtzada erabil daiteke, baina bidegorririk ez dagoen kasuetan bakarrik. Oinezkoek ezin dute bidegorria gurutzatu ez bada zebra bidetik, baina Kurutziaga moduko bidegorrien kasuetan, zebra bideen artean distantzia handia dagoenean igaro daiteke.
Aitziber Irigoras alkateak adierazi duenez, \"kexak jaso ditugu, bizikletan abiadura handiagaz dabiltzalako\". Orain bizikletan gehienez 15 km orduko abiaduran ibil daiteke, baina erabilera anitzeko guneetan 10 km ordukoan.
Zirkulazio ordenantzan jasotako beste neurri bat da, bizikletek txirrina eraman behar dutela, eta gauez argia eta islatzaileak ere bai. Gainera, 14 urtetik beherako gazteek derrigorrez kaskoa eraman behar dute.
Neurri hauek ez betetzeak isuna ekarriko du, adibidez bizikletentzat den guneetan beraiei lehentasuna ez ematea 90 euro; kotxea bizikleta-ibilbidetik ibilita 200 euroko isuna. Bizikletan txirrina ez edukitzea eta 14 urtetik beherako gazteek kaskoa ez eramatea 90 euro izango da.