Zornotzako Lanbide Heziketako Orue eskola ikastetxeak, domeka honetan, maiatzaren 16a, 2 eta 6 urte bitarteko umeentzako tailerrak antolatuko ditu Ezkurdi plazan.
Zornotzako Lanbide Heziketako Orue eskola ikastetxeak, domeka honetan, maiatzaren 16a, 2 eta 6 urte bitarteko umeentzako tailerrak antolatuko ditu Ezkurdi plazan. Tailerrak berziklatutako materialagaz egingo dituzte, Orue eskolan Haur Hezkuntzako Goi mailako zikloa egiten dabiltzan ikasleek zuzenduta. Ez dago zertan aurrez izena eman eta hurbiltzen direnentzako doan izango dira. Euria izango balitz, Andra Mariko eleizpean antolatuko lukete tailerra.
Tailerren koordinatzailea eta eskolako irakaslea den Olatz Elejabarrietak dioenez \"prestaketa lanak ikasleengan eragin positiboa izan du, klasean ikasitakoaren erabilgarritasuna ikusteko balio die eta\". Hori da, besteak beste, ekintzotako helburuetako bat; ikasketak amaitu baino lehen, benetako lan egoera bat prestatzea eta gauzatzea 2 eta 6 urte bitarteko umeekin, eta aldi berean, antolatzaileen berbetan \"zergaitik ez esan, lehenengo soldatapeko lana izatea\".
Oruen bagabilz
Oruen bagabilz izenburupean egiten dabiltza ekintza hauek Haur Hezkuntzako zikloko lehenengo mailako ikasleak. Orain dela hile bi ekin zioten, eguen arratsalde guztietan, tailerrak prestatzeari. Domeka honetako Ezkurdiko tailerren ostean, eguazten arratsaldean 17:00etatik 19:00etara, Durangoko San José – Jesuitak ikastetxeko psikomotrizitate gelan ekintzak antolatuko dituzte. Eta zornotzarrentzako ere, lekutxo bat egin dute datorren hilaren 30ean, arratsaldeko 12:00etatik 14:00etara, Nafarroako parkean.
Laneratzea
Hein handi baten, prestakuntza amaitutakoan, haur hezitzaileok Haurreskoletan edota ikastetxeetako, 0 eta 6 urte bitarteko umeen geletan lan egingo dute. \"Eten barik Haurreskola barriak zabaltzen dabiltza inguruan, eta ikastetxeek ere, adin tarte honetako gelak ugaritu dituzte. Horrek, laneratzeko aukera asko ematen diete gure ikasleei\" dio Sergio Murillo, Orue eskolako zuzendariak. LANBIDEk eskaini dituen azken datuen arabera, 2008an perfil honetako profesionalen laneratzea %88,2koa zen.
2006-2007an jarri zen Orue eskolan Haur Hezkuntzako Goi Mailako zikloa martxan, eta 2008-2009 ikasturteaz gero, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailagaz itunduta dago. Horrek, haur hezitzaileen trebakuntzan Orue eskola \"aitzindari\" bihurtu duela Durangaldean, azaldu dute eskolako arduradunek.