Ur-hornidurarako sare berria eraikitzeko hitzarmena lotu dute Udalak eta Aldundiak

Anboto 2010ko mai. 13a, 16:01

Iosu Madariaga Ingurumeneko foru diputatuak eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak ur-hornidurarako sare berria eraikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur.

Iosu Madariaga Ingurumeneko foru diputatuak eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak ur-hornidurarako sare berria eraikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur. Biek ala biek, \"aurrekontuan egin den esfortzua\" nabarmendu dute; 1,8 milioi euro daude aurreikusita lanetarako, eta Durangoko etxeetan ur-hornidura orokorra \"hobetu\" egingo dela adierazi dute. 15 egunen buruan itxaroten dute lanak hastea, eta urtebetean zerbitzua martxan ipintzea.

Biltegi berri bi

Edateko uren araztegia Garaizar gainetik datorren ur-bideagaz lotuko da. Hodi bikoitza eraikiko da, ura Eguzkitza sektoreko beheko aldean jarriko den biltegi berriraino bideratu eta gero handik banatzeko, Udalaren banaketa-sareagaz lotu arteko tartean. 4.000 m3-ko erregulazio biltegiari esker, hirigune guztian presioen banaketa egokia bermatuko da. Gainera, hemengo bulkaden eraginez, Eguzkitzagoienan sortuko den beste biltegi batera bideratuko da ura; 1.000 m3 izango ditu, eta herriko goi-aldeei hornidura eskainiko die.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!