Karmeldar konbentua zena osasun zentro pribatu bihurtzeko arauak egokitu dituzte

Anboto 2010ko mai. 6a, 18:04

Aldaketa horren berri emateko inguruko bizilagunak batzarrera deitu zituztela eta joan zirenek aldeko jarrera erakutsi zutela adierazi zuen udal arkitektoak.

Azkeneko udalbatzarrean karmeldar oinutsen konbentua zena izaera pribatuko osasun zentroa bilkatzeko arau subsidiarioen aldaketa zehatza onartu zuten. EAJ, PSE-EE, PP eta Talde Mistoak alde bozkatu zuten eta Aralar abstenitu egin zen. Aldaketa horren berri emateko inguruko bizilagunak batzarrera deitu zituztela eta joan zirenek aldeko jarrera erakutsi zutela adierazi zuen udal arkitektoak. Aralar alderdiko Dani Maezturen ustez, \"inguru horietan tankera horretako ekipamenduak daude apurka erabilera aldatzen dabiltzanak, eta datozen urteetan antzeko kasuak emango dira, joera soziologikoa horixe delako\". Beraz, \"Udalak, dauzkan eskumenekin eta ahal den neurrian, eraikin horiek erabilera publikorako berreskuratzen saiatu\" beharko lukeela aipatu zuen. PPko Juan Jose Gaztañazatorrern ustez, \"enplegua sortzea ahalbidetuko du eta, gainera, Galdakaoko ospitalerako joan-etorrien emaria txikitu\". Gainera, bizilagunek \"aldeko jarrera\" erakutsi izana ere azpimarratu zuen. Sozialistek osasunaren arloan \"eskaria badagoela\" adierazi zuten, eta alde horretatik \"beharrezko\" ikusten dutela horrelako zentro bat. Lanpostuak sortuko dituela ere esan zuten. Azkenik, proiektua garatzen denean sortu daitezkeen trafiko arazoen azterketa egitea eskatu zuen. Aitziber Irigoras alkateak bat egin zuen PP eta PSE-EEgaz enplegua sortuko dela azpimarratzerakoan, eta ekimen pribatua den arren \"interes orokorragaz lotzeko modukoa\" dela aipatu zuen. Oier Perez Talde Mistoko zinegotziak arau subsidorioetako aldaketa puntuala izatea azpimarratu du, eta ez aldaketa osoagoa: \"Horrela, Udalak kontrol handiagoa mantenduko du eta negozioak aurrera egin ezik, esaterako, gura dutena egiteko mugatuago egongo dira\". Udalbatzar berean arau subsidiarioen antzeko beste aldeketa puntual bat onartu zuten. Orain arte gimnasioa zegoen Mingolarra eraikinean -Fray Juan de Zumarraga kalean- jatetxe bat egokitzea ahalbidetuko du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!