Durangoko lurpeko zaborrontzien konponketa eta mantenu lanak esleituko dituzte laster 133.000 euroko aurrekontuagaz.
Durangoko lurpeko zaborrontzien datozen urte bietarako (beste urte birako luzagarria) dohitze eta mantenu lanak esleituko ditu Udalak laster. Dagoeneko prest dute baldintza orria eta ahalik azkarren aterako dute lehiaketara 133.000 euroan.
Durangon lurpeko 37 zaborrontzi daude sei esparrutan banatuta: Komentukale, Kanpatorrosteta, Monago Torre, San Agustinalde, Zumalakarregi eta Sasikoan. Zaborrontzien funtzionamendua hobetze aldera, kontratuak eginbehar nagusi bi nabarmentzen ditu: doikuntza eta mantenua. Sasikoako azpiegituretan (7 zaborrontzi) ez dute doikuntza lanik egingo \"berriak direlako\", Aitziber Irigoras alkatearen esanetan. Beste guztietan lanak esleitu eta hiru hilabeteren barruan burutu beharko dituzte lanak: \"Eskakizun hori zehaztu dugu lanak ahalik arinen egitea nahi dugulako\". Zaborrontziei egingo dizkieten doikuntzen artean daude kanpoaldeko itxura hobetzea (pintatuz…) eta kaxa elektrikoak berriztatzea, besteak beste.
Mantenu lanak bi motatakoak izango dira: prebentziozkoak eta ohiko konponketak. Prebentziozkoen kasuan gerta daitezkeen matxura posibleei aurrea hartzea da helburua. Horretarako, hiru hilerik behin garbiketa orokorra egin eta azpiegituren funtzionamendua kontrolatuko dute. Konponketen kasuan, \"salbuespenak salbuespen, konponketak 24 orduren barruan egingo dira asteguna izan zein asteburuan izan\".
Kanpatorrostetako zaborrontziak
Irigorasek onartu duenez, arazorik gehien eman duten lurpeko zaborrontziak Komentukalekoak eta Kanpatorrostetakoak izan dira. Horren arrazoi nagusiak jendearen aldetik izan duten \"erabilera ez zuzena eta behin baino gehiagotan jasandako ekintza bandalikoak dira\": \"Zaborrontziak erreta azpiegitura elektrikoak hondatu izan dira\". Kanpatorrostetaren kasuan, bizilagunen aldetiko erabilera desegokia zuzentzeko udaltzaingoak \"zaintza bereziak egin ditu eta hainbat laguni ohartarazi zaie erabilera desegoki horren gainean\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!